Adimen artifiziala

Adimen artifiziala, arrisku baino aukera gehiago

Aitziber Arzallus 2023ko urr. 13a, 12:00

Adimen artifizialak etorkizunekoa izateari utzi dio, eta edonoren eskura jarri da. ChatGPT testu sortzaile autonomoa izan da  teknologia horren eztanda eragin duena, eta haren atzetik,  arrapaladan etorri dira testuak, irudiak eta audioak sortzeko  gaitasun handiko dozenaka sistema. Jakina da adimen artifizialak eraldaketa handiak ekarriko dituela; horren aurrean nola jokatu, hor  dago eztabaida. Batzuek, gizateriaren bukaera hurbil egon daitekeela ohartarazi dute; beste batzuek, aldiz, ikertzen jarraitu behar dela uste dute, epe motzera eta epe ertainera ekarriko dituen onurak kalteak baino handiagoak izango direla iritzita. Epe luzera zer gertatuko den, berriz, ezin da iragarri. 

Adimen artifizialak milioika lanposturen galera ekarriko duela, pandemiek eta gerra nuklearrek baino ondorio larriagoak eragin ditzakeela edo gizateria bera desagertzea ekar dezakeela. Hedabideetan gisa horretako titularrak  irakurrita, ez da harritzekoa teknologia horren inguruan ezer gutxi dakiten herritarrek beldurra sentitzea. Are gehiago, adimen artifizialaren sektoreko adituek eta enpresaburuek egindako baieztapenak badira horiek. Eta oraindik eta areago, duela gutxira arte adimen artifizialaz ezer entzun ez, eta azken hilabeteotan bazter guztietan horren inguruan hizketan ari badira, dagoeneko errealitate bat dela esanez. Ordea, adimen artifiziala apokalipsiaren pareko jarri duten horiexek beraiek dira teknologia hori garatzeko dirutzak inbertitzen ari direnak; arriskuez gain, bestelako aukerak ere badituen seinale.

"Nik jende apokaliptikoari ez nioke batere kasurik egingo", adierazi du Gorka Azkune (Azpeitia, 1982) informatikari eta EHUko IXA taldeko ikertzaileak. "Adimen artifizialak potentzial handia duela ukaezina da, eta noraino irits daitekeen iragartzea, ezinezkoa. Adimen artifizialak gizateria mendean hartuko duela esatea titular mamitsua da telebistan ateratzeko, baina uneotan tamaina horretako baieztapenak egitea gehiegikeria hutsa da". 

Gorka Azkune informatikaria.

Adimen artifiziala gizateria mendean hartzeko bidean den teknologia gisa definituz gero, robotek kontrolatutako planeta bat etorriko zaio burura bati baino gehiagori, filmetan ikusitako irudiak, eguneroko bizimodutik urrun dauden kontuak. Baina, izatez, adimen artifiziala hori baino askoz benetakoagoa da, eta herritarrek urteak daramatzate teknologia hori erabiltzen, ziur asko horren jakitun izan gabe. Esate baterako, eskuko telefonoek adimen artifizialari esker ezagutzen dute jabearen aurpegia; Netflixek adimen artifiziala erabiltzen du bezero bakoitzari zein telesail eta film gomendatu erabakitzeko; GPSek eta Google Mapsek adimen artifizialari esker jakiten dute erabiltzaile bati proposatutako ibilbidearen zati batean auto pilaketak daudela eta helmugara iristeko ohi baino denbora gehiago beharko duela; kirola egiteko oinetakoen beharrean dagoenari sarean nabigatzerakoan etenik gabe kirolerako oinetakoen eskaintzak azaltzea ez da kasualitatearen fruitua, adimen artifizialarena baizik; ohiko supermerkatuaren aplikazioan sartzerako erabiltzaile bakoitzaren erosketa zerrenda prestatzen duen hori adimen artifiziala izaten da; eta horrela, zerrenda nahi adina luzatzea legoke.

Adimen artifizialak, era horretako aplikazio eta erabilpenen bidez, urteak daramatza herritarren bizimodua errazten, baina azken hilabeteotako eztanda ez da horien bidetik etorri, horiena baino adimen garatuagoa duten beste zenbait aplikazioren eskutik baizik. Dudarik gabe, OpenAI enpresak garatutako ChatGPT testu sortzaile autonomoa da denen artean izarra, eta haren ostean etorri dira beste hainbat, irudiak, audioa eta musika zein testuak abilezia handiz sortzeko gai direnak; besteren artean, Google Bard, Grammarly, Synthesia, Dall-e eta MusicGen.

Adimen artifizial sortzailearen booma

Herritarren eskura dauden eredu horiek adimen artifizialaren esparruan uneotan dauden eredurik onenak direla ziurtatu du informatikariak. "Agian horiek sortu dituzten enpresek izango dituzte eredu hobeak esku artean edo ikerkuntza fasean, baina guk behintzat ez ditugu; eredu horiek erreferentziak dira guretzat". Hala ere, "arazo handi bat" dutela nabarmendu du: "Denak sistema itxiak dira, eta ondorioz, ez dakigu ezer horiei buruz; ez dakigu nola entrenatu dituzten, zer informaziorekin, zer arkitektura dituzten, neurona sare horiek nolakoak diren...". Tamalgarritzat jo du hori, zientziak irekia izan behar duela defendatzen baitu azpeitiarrak, "baina enpresa pribatu horiek beste bide bat hartu dute, horrela daude gauzak eta ez dago besterik".

Azkenaldian gehien garatu eta herritarren eskura jarri dutena adimen artifizial sortzailea izan da, eta hori ez zutela espero adierazi du Azkunek. "Paradoxa bat gertatu da. Tradizionalki pentsatu izan da adimen artifizialak eta antzeko sistemek, funtsean makinek, askoz errazago egingo zituztela guk intelektualki maila baxukotzat jotzen ditugun lanak. Baina gertatu dena justu kontrakoa izan da; guretzat intelektualki maila altukoak diren gauzak egiteko gai direla makinak. Adibidez, marrazki bat egitea, poema bat idaztea, melodia bat sortzea... Esku artean ditugun adimen artifizialeko sistemek lan horiek oso ondo egiten dituzte, eta, oro har, zientzialarien komunitateak ez zuen horrelakorik espero".

"Adimen artifizialari ez diogu beldurrik izan behar, pertsonei izan behar diegu beldurra"

Baina Azkuneren irudiko, garrantzitsua da hori guztia testuinguruan jartzea; izan ere, azpeitiarraren hitzetan, "adimen artifizial sortzailea izateak ez du esan nahi sormena daukanik". Eta eztabaida sakonago bat atera du mahai gainera: zer den sormena. "Guk sormena al daukagu? Baietz uste dugu; baina zer da sormena? Nik dakidala, oraingoz inork ez du ondo definitu. Gertatzen dena da, sistema horiek eskura duten datu sorta mardularen ondorioz eta beraien arkitekturak diren bezalakoak direlako, gaitasun handia daukatela modalitate desberdinetako informazioa sortzeko –testuak, audioak edo musika, irudiak–, eta, gainera, oso modu txukunean egiten dituztela lan horiek". Horren inguruan eztabaida dagoela aipatu du Azkunek. "Sortzen dituzten horiek zenbateraino diren berriak, edo entrenatzeko erabilitako datu pila horretatik ateratakoarekin sortutako segida bat diren. Baina gizakiak zerbait sortzen duenean ere sor liteke zalantza hori. Musika talde bat entzun, eta zenbat aldiz esaten da beste talde baten eragina daukala? Zer esan nahi du horrek, kopiatzen ari direla? Ez, baina izan lezake bestearen estiloa edo ukitu bat".

Beldurra pertsonei, ez teknologiari

Adimen artifiziala azkar eta asko garatu da azken urteotan, baina hastapenetan besterik ez dagoela esaten dute adituek."Adimen artifizialaren asmoa da gizakion adimenaren mailakoa den adimen bat lortzea, edo harago joatea, baina makinak erabilita", zehaztu du Azkunek. Haren ustetan, "adimen artifizialak egunen batean gizakiaren adimena gainditu egingo du", baina hori bere ustea bakarrik dela azpimarratu du. Hori noiz izango den iragartzea, ordea, zaila iruditzen zaio. "Nik urruti ikusten dut makinek gizakia gainditzea ezaugarri mailan. Oraindik ere gauza asko falta zaizkigu gizaki baten adimenaren pareko zeozertara iritsi ahal izateko, baina ez dakidana da hori urruti dagoen denboran. Gauzak hain azkar doaz, hainbeste diru dago arlo honetan eta hainbeste jende lanean, ez nintzateke ausartuko esatera hori bost edo hamar urte barru izango den, ez baitaukat ideiarik". 

Adimen artifizialari beldurrik izan behar al zaion galdetuta, ezetz esan du Azkunek. "Adimen artifiziala, beste gauza asko bezala, erreminta bat da, eta beldurra pertsonei eduki behar diegu, ez adimen artifizialari. Egongo dira adimen artifiziala ondo erabiltzen dutenak eta gaizki erabiltzen dutenak, eta horregatik, arautu egin beharko dira zenbait gauza, baina nik jende apokaliptikoari ez nioke batere kasurik egingo". Adimen artifizialak hori baino "arrisku ukigarriagoak, gertukoagoak eta ezagunagoak" badituela ohartarazi du. "Jende apokaliptiko horri kasu egiten ari garen bitartean, ari gara benetako arazoak diren horiek albo batera uzten, askoz hobe genukeenean horiek konpontzen saiatzea". Arrisku horiek zeintzuk diren ere adierazi du. "Adimen artifiziala erabil daiteke guk gizarte bezala dauzkagun hainbat alborapen anplifikatzeko; adibidez, sexismoa eta arrazakeria. Gaur egun esku artean ditugun adimen artifizial sistemak guk sortutako testuekin entrenatzen direnez, dagoeneko baditugun joera negatiboak bere egiten ditu, eta horrez gainera, areagotu edo anplikatu ere egin ditzakete". Adibide bat ere eman du: "Demagun informatikari bat behar duzula eta adimen artifizial sistema bat erabiltzen duzula jendea kontratatzerakoan curriculumak jaso eta lehen galbahea pasatzeko. Adimen artifizialak guk idatzitako testu asko irakurri dituenez, informatikaria gizonarekin erlazionatzen du eta ez emakumearekin; horregatik, aukera handiak leudeke emakume askoren curriculumak alboratzeko. Hori adimen artifizialari erabilera txarra ematea litzateke, jakitun garelako arazo hori existitzen dela. Jendea ari da ikertzen hori konpontzeko, baina badakigu badaudela enpresak sistema horiek erabiltzen ari direnak jendea kontratatzeko". 

"Mezu apokaliptikoak ematen dituzten horiei, nik ez nieke batere kasurik egingo"

Beste arriskuetako bat sistema horiek esaten dutena itsu-itsuan sinestea dela ohartarazi du azpeitiarrak. "OpenAI enpresako CEO Sam Altmanek behin esan zuen ChatGPT erabil daitekeela medikuaren kontsultara joatea ordezkatzeko, eta hori izugarrizko astakeria da. Baina ez dago esaterik hori arazo berria denik: nork ez dio galdetu Googleri belaunean duen mina zer izan ote daitekeen? ChatGPTrekin are errazagoa da hori, berarekin hitz egiteko aukera ematen dizulako". Azkuneren hitzetan, jendeak ulertu behar du horiek erreminta batzuk direla, eta esaten dutena oso urruti egon daitekeela errealitatetik edo oso gertu, gauza batzuetan asmatzen dutela, baina beste gauza batzuetan ez. "Azken baten, guk geuk oso kritikoak izan behar dugu, ezin dugu oso-osorik irentsi esan diguten dena, hanka sartze handi bat egiten ariko baikinateke, eta gauza bera Googleri eta sare sozialei dagokienez ere. Bada jendea sare sozialetan ikusten duen guztia zuzenean egiazkotzat jotzen duena, ezer zalantzan jarri gabe. Gogoan dut irailaren 11ko atentatuen bueltan ere gertatu zirela horrelakoak. Bideo bat zabaldu zuten esanez talibanak atentatuak ospatzen ari zirela, eta bitartean, bideoa bost urte lehenago grabatutakoa zen eta palestinar batzuk ageri ziren festa batean. Orain fakenews gisa ezagutzen diren gezurretako istorioak beti egon izan dira, eta aurrerantzean ere egongo dira". Adimen artifiziala erreminta oso lagungarria izan daitekeela esan du ikertzaileak, baina ez edozer gauzatarako; "jakin egin behar da zertarako izan daitekeen ona eta zertarako ez".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide