Adimen artifiziala

Andoni Sudupe: "Ia ezinezkoa da aurreikustea ikasturte bakoitzean zer landuko dugun"

Aitziber Arzallus 2023ko urr. 13a, 12:00

Andoni Sudupe (Azpeitia, 2002) Adimen Artifizialeko Gradua egiten ari da EHUren Donostiako Informatika Fakultatean. Lehen promozioko ikaslea da, eta ondo bidean, hasi berri duen ikasturtea izango du azkena. 

Nolatan erabaki zenuen Adimen Artifiziala ikastea?

Informatika Ingeniaritza ikastea pentsatzen ari nintzen, ordenagailuak eta matematikak gustatzen zaizkidalako, baina Ingeniaritza Eskolako ate irekietako saioan adimen artifizialaren inguruko hitzaldi bat entzuteko aukera izan nuen, eta konbentzitu egin ninduten. Adimen Artifizialeko ikasketak Informatika ikasketen antzekoak dira, baina hardwareari lotutako gaiak gutxiago lantzen dira, eta matematikak gehiago. Informatikan esparru asko ukitzen dituzte, eta horien artean bat da adimen artifiziala; Adimen Artifizialeko ikasketak, aldiz, espezializatuagoak dira.

Zer ikasi duzu hiru urteotan?

Lehendabiziko bi ikasturteetan, gehienbat informatikari lotutako gauzak landu genituen, eta iaz hasi ginen adimen artifizialean sakontzen, gaur egun dauden ereduak, horien arkitekturak, arkitektura bakoitzaren puntu interesgarrienak eta abar ikusten nahiz horiek nola programatzen diren eta nola erabiltzen diren ikasten. Adimen artifizialaren barruan adar asko daude –hizkuntza, irudia, osasuna…–, eta eredu asko ere bai; adibidez, azkenaldian horren ezagun egin den Chat GPT eredu bat da.

Adimen Artifiziala ikasten hasi zinenetik, izugarri garatu eta aldatu da esparru hori.

Bai, esan liteke ordutik hona garatu dela ia dena; duela lau urte bazegoen zerbait, baina booma harrezkero gertatu da. Ondorioz, gure ikasketak ere erabat aldakorrak dira. Irakasleek ikasturtearen hasieran esaten digute irakasgai bakoitzen zer lantzen hasiko garen, baina ez ikasturtean zehar zer landuko dugun; ia ezinezkoa da hori aurreikustea.

Bizitza guztian ikasten jarraitzeko prest al zaude?

Adimen artifizialaren arloan lan egin nahi badut, derrigorra izango dut. Esparru honetan, hilabete batez deskonektatuta egotea nahikoa da bueltan zeure burua galdu-galdu eginda ikusteko.

Zein arlotan lan egitea gustatuko litzaizuke?

Praktikak Elgoibarko [Gipuzkoa] Ideco enpresan egin ditut, gradu amaierako lana han egiteko aukera eskaini didate eta ez litzaidake axolako lanean bertan segitzea ere. Robotak erabiliz, enpresei irtenbide aurreratuak eskaintzea da han egiten dutena, eta gustuko dut esparru hori.

Ez dirudi lan aukerarik faltako zaizuenik...

Ez dirudi, ez. Adimen artifizialak ekar dezakeen eraldaketaz jabetu ahala, era guztietako enpresak ari dira esparru horretan urratsak egiten. 

Bada motiborik adimen artifizialari beldurrik izateko?

Adimen artifizialari ez, baina agian bai batzuek eman diezaioketen erabilerari.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide