Urola Kostako Coworking gunea eraikitzen eta egokitzen hasiko dira apirilaren 17an. Hala adierazi du Urola Kostako Udal Elkarteak ohar baten bidez. Espazioaren helburu nagusia da eskualdeko ekintzaileei zein enpresa sareari "lankidetzarako, sorkuntzarako, garapenerako eta negozioak abiarazteko espazioa eskaintzea", baita enpresen arteko sinergiak bilatu eta partaidetzaren kultura sustatzea ere, gehienbat emakumeen artekoa. Obra lau hilabeteko epean amaitzea aurreikusten du UKUEk eta guztira 213.202€ bideratu dituzte.
Lourdes Salsamendi Mankomunitateko presidentea eta Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko alkateordea elkarlanean aritu dira proiektua aurrera eramateko. Horren harira, Salsamendik adierazi du Coworking gunearen ideia duela bi urte sortu zela. “2021ean adostu zen proiektua, baina exekuzio prozesua nahi baino gehiago luzatu da, bitan gelditu baita proposamenik gabe obrak esleitzeko lehiaketa”, adierazi du Salsamendik.
Coworking espazioa Udal Elkartearen egoitzan egongo da, eta "elkarlanerako eta lankidetzarako espazio bat" eskainiko die herritar ekintzaileei eta eskualdeko enpresa sareari. Gainera, ordezkariek adierazi dutenez, emakumeak izango dira proiektu honen funtsezko "ardatza". Beraien hitzetan, historikoki emakumeek "zailtasun handiagoak" izan dituzte lan munduan sartzeko, eta horrei buelta ematen dion leku bat bihurtu nahi dute espazio berria.
Gainera, urteko 365 egunetan 24 orduz egongo da herritarrentzat zabalik, eta, besteak beste, lanerako mahaiak, bilera gelak, atseden hartzeko lekuak eta inprimagailuak eskainiko ditu erabiltzaileentzat.
Dinamizazio zerbitzua ere, eskura
Era berean, dinamizazio zerbitzua ere egongo da, Garapen Agentziak ematen dituen zerbitzuekin batera, ekintzaileen eta enpresa sarearen arteko sinergiak sustatzen lagunduko duena.
“Espazioak eta bertan dauden pertsonen artean gerta daitekeen elkar-trukeak proiektuak hasteko edota berriak sortzeko aukera paregabea eskaini dezake. Ekintzaileen eta enpresa sarearen arteko harremanari esker, Coworking espazioa ekoizpen-gune bihurtuko da. Coworking guneak dinamizazio-zerbitzu egokia izango du bi aldeen arteko harreman hori bermatzeko, eta, era berean, zerbitzu hori eskualdean sor daitezkeen beste udal-coworking gune batzuetan eman ahal izango du”, adierazi du Lourdes Salsamendik.