Ontzi konpostagarriak banatuko ditu udal elkarteak eskualdeko ostalaritzako establezimenduetan

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 2a, 08:00

Martxoaren 6tik 8ra bitartean jaso ahal izango dira edukiontziak udal elkartearen egoitzan. (UKUE)

7.000 ontzi konpostagarri banatuko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko jatetxe eta tabernen artean, elikagaien xahuketa murrizteko helburuarekin.

Oturduetan jan gabe geratu diren produktuak etxera eramateko aukera izango dute hemendik aurrera bezeroek Urola Kostako Udal Elkarteak abian jarriko duen programa berriari esker. Izan ere, 7.000 ontzi konpostagarri banatuko ditu eskualdeko jatetxe eta tabernetan. Edukiontzi horien bitartez janari hondarrak edo kontsumitu gabe geratu diren jakiak etxera eramateko aukera izango dute bezeroek. 

Edukiontzi hauek nahi dituzten establezimenduek udal elkartean bertan jaso ahal izango dituzte martxoaren 6tik 8ra bitartean goizeko 8:00etatik 14:00etara.

Elikagaien xahuketa murriztu eta saihesteko asmoz iazko azaroan UKUEk abian jarri zuen #STOP Janari Xahuketa kanpainaren bigarren fasea da hau. Kanpaina honek hondakinen edukiontzian amaitzen duen janari kopurua murriztea du helburu. Lehen fasean herritarrei zuzendutako sukaldaritza tailerrak egin zituzten eskualdeko bost udalerrietan, eta supermerkatuetara eta jatetxeetara bisitak ere egin zituzten. Mahai-ingurua ere egin zuten ostalariekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide