Argazkiak: Egur Sport
Herri-kirol jaialdi mamitsua jokatu zen igandean Aian, eta aizkoran, harri-jasotzen eta beste hainbat herri-kirol modalitatetan saioa eskaini zuten kirolariek. Aizkoran, 2022ko Urrezko Aizkolarien Kopako final aurrekoa jokatu zuten Hodei Ezpeletak, Mikel Larrañagak eta Ibai Soroak, eta Larrañaga azpeitiarra nagusitu zen, zortzi kanaerdiko ebakitzen azkarrena izan baitzen.
Bestetik, Binakako Harrijasotze Txapelketan, Iñigo Eizagirre Eiza-k eta Gorka Etxeberriak osatutako bikotea Beñat Telleriaren eta Aimar Galarragaren aurka aritu ziren. 175 kiloko laukizuzena, 100 kiloko zilindro zaharra, 125 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola jaso behar izan zituzten, eta Etxeberriak eta Eizagirrek lortu zuten jasoaldi gehien egitea.