Klima aldaketa, erregai fosilak, energia trantsizioa, desazkundea, energia berriztagarriak, esternalizazioa, natur baliabideak, komunitateak, sistema, sarea, iragana, oraina, etorkizuna... Horretaz guztiaz mintzatu ziren Markel Peñalba eta Aitziber Sarobe, ordubete inguruan, Zumaiako Zumaiena ikastetxeko igluan. Energia trantsizioaz, eskualdean abian jarri diren energia burujabetzaren aldeko komunitate egitasmoez nahiz bi enpresak inguruotarako proposatutako bi proiektu eolikoen inguruan solastera elkartu ziren, Urolako Komunikazio Taldeak proposatuta. Gauza askotan bat azaldu ziren, eta erronka berari aurre egiteko ikuspegi desberdinak azaleratu zituzten. Egonean bonbon, nahiakoa egon garela, eta orain ekiteko garaia dela zioten biek, klima aldaketaren ondorioei, tartean energia trantsizioari, aurre egiten hasi beharra dagoela ja. Bestela jai dugula.
Biek ala biek ez zuten panorama samurra azaldu energia kontuaren gainean, neurriz kanpo gabiltzalako eta zezenari adarretatik heldu besterik ez dagoelako. Horretarako, ordea, modu batera ala bestera, esparru guztietatik eragin beharko da, eta guztiok izan beharko dugu akuilu. Olatuak harrapatu gaitu, eta mela-mela eginda gaude. Baina ez dakit nik horretaz benetan jabetuta ote gauden eta gaiaz behar besteko ezagutza ote dugun. Beno, pixka bat bai; konturatu gara kilometro erdi egiteko autoa hartzea garestitxo ateratzen zaigula, eta hobe dugula oinez edota bizikletaz egitea bide hori. Ohartu gara argindarraren etengailuari nahibeste emateak, labea pizteak edota azaroaren hondarreraino berogailua jarri beharrik ez izateak baduela argindarraren eta gasaren fakturan nolabaiteko eragina. Konturatu gara eguneroko janarien prezioen gorakadaz. Gure poltsikoak antzeman du, eta hori da min ematen diguna. Hala ere, atximurka hori nahikoa izango al dugu espabilatzen hasteko? Baditut nire zalantzak.
Euskaldunok bagara erronkazaleak, eta ingurumenari eta eguneroko bizitzari lotuta, erronka bat gehiago dugu muturren aurrean; potoloa, gainera. Gai izango al gara hari modurik egokienean aurre egiteko? Berandu jaikiz gero, eguneko lanak atzean gelditzen dira.