Indarkeria matxista

"Hutsaren hurrengoa sentiarazi arren, bere beharra izaten duzu"

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 25a, 09:00

Azaroaren 25ari lotuta, Maria Maya Manterola kazetariak jasotako Azpeitiko emakume baten testigantza anonimoa da honakoa.

"Bikote harremana hasi nuen mutil batekin, eta hasieratik iruditu zitzaidan oso posesiboa zela. Ez nion arreta handirik jarri horri, pasatuko zitzaiola pentsatu nuelako. Ez nuen uste tratu txar emailea izatera irits zitekeenik; inoiz ez duzu pentsatzen pertsona bat puntu horretara irits daitekeenik. Badakizu halakoak inguruan gertatzen direla, baina ez duzu espero zuri gertatzerik.

Jeloskorra zen, eta batzuetan erasokor ere jartzen zen, baina ez nirekin. Denbora pasatu ahala, une oro berarekin egotera behartzen ninduen; ezin nuen lagunik eduki, eta beti errudun sentiarazten ninduen gauzak berak nahi bezala egiten ez baldin banituen. Halako pertsonak psikologikoki min handia eragiteko gai dira: zerbait gorria ikusten baldin baduzu eta hark beltza, ez dakit nola, baina zuk ere beltza ikusten amaitzen duzu. Manipulazioa da hori. Kaka zaharra sentitzen zara; hala zara.

Familia gaizki esaka aritzen zen, nire lagunak ez zirela onak esaten zidan… Zu babes zaitzaketen pertsonengandik urruntzea nahi izaten dute halakoetan. Tratu txar psikologikoak eman arren, batzutan ez zara horretaz kontziente. Gauza zatarrak esaten dizkizu, baina ez zara horiek tratu txarrak direla konturatzen. Normala dela pentsatzen duzu, baina ez da hala.

Denbora batera, berarekin bizitzera joan nedin nahi izan zuen, gertuagotik kontrolatzeko seguraski. Joan egin nintzen, eta orduan erasoak agerikoagoak izaten hasi ziren; eraso fisikoekin hasi zen. Horrelako pertsona batekin ezin nuela egon konturatu nintzen, baina hutsaren hurrengoa sentiarazi arren, bere beharra sentitzen duzu, bera gabe ezin duzula bizi. Oso tristea da.

Azkenean amari kontatu nion guztia. Oso gauza kuriosoa izan zen. Amarenera joan nintzen, eta galdera bat egin zidan hark. Nik ez nuen ezer kontatu nahi, eta normal nengoen, erasotzailea nola jarriko zen beldur nintzelako. Baina amak zera galdetu zidan: 'Ondo al zaude? Benetan ondo al zaude?'. Eta hori entzun orduko negarrez hasi eta dena kontatu nion. Orduan hasi ziren familiakoak laguntza bilatzen, eta Azpeitiko Gizarte Zerbitzuek psikologo batengana bideratu ninduten. Psikologo horrek asko lagundu dit, asko-asko. Izan ere, oso zaila da horrelako leku batetik irtetea. Joan zen urtean eten nuen harremana, baina duela hilabete batzuk utzi ninduen bakean.

Nik ez salatzea erabaki nuen, badakielako zer esan behar duen eta zer ez. Bere bikote ohiak, ordea, salatu egin zuen nirekin harremana hasi aurretik. Dena den, prozesuak ez zuen aurrera egin. Gogoan dut psikologo batekin egon zela epaiketa izan zuenean, eta hark galdera batzuk egiten zizkiola: agresibo jartzen ote zen eta beste. Barrez irten zen psikologoarenetik, inozoak zirela esanez.

Jendeak esaten zidan, salatuz gero, epaiketan zure aurka egiten dutela nnola erantzuten duzun ikusteko. Izaeraren arabera, modu batera edo bestera eraman dezakezu prozesua, baina nik badakit oso gaizki pasatuko nukeela. Bera nazkatu arte egon naiz zain, badakidalako justiziak ez dituela halakoak behar bezala kudeatzen eta denbora asko igaro daitekeelako bide judiziala amaitu arte".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide