Urriko lau larunbatetan literatura tailerra emango du Joseba Sarrionandia idazleak Zumaian, UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak eta herri horietako euskara zerbitzuek antolatuta. Euskaraz sortzen eta idazten trebatu nahi duten herritarrei bideratuta dago, eta hamabi orduko ikastaroa izango da, lau saiotan banatuta.
Sarrionandiaren hitzetan, "irakurketa eta idazketa ohiko zereginak dira gure gizartean, etengabe irakurtzen eta idazten dugu, gehiena ia oharkabean eta modu autodidaktan; baina ipuin bat, eleberri bat, poema bat edo saiakera bat idatzi nahi duenak modu kontzientean egin beharko du, eta baliabide batzuk ikas ditzake horretarako". Horixe da tailerraren helburua.
Izen-ematea, zabalik
Urriaren 1, 8, 15 eta 22an izango da tailerra, Zumaiako Alondegia kultur etxean, 10:00etatik 13:00ak bitarte. Izena eman daiteke dagoeneko –20 eurokoa da prezioa–, eta gogorarazi dute eskabideak onartzeko izen-ematearen hurrenkera errespetatuko dutela. Dena den, Aia, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaiako herritarrek lehentasuna izango dute.
Izena emateko, euskara@zumaia.eus helbidera idatzi behar da. Argibiderik behar izatekotan, helbide horretara idatzi edo 943-86 50 25-616 telefono zenbakira deitu daiteke.