Martxan da dagoeneko Urola Kostako Udal Elkarteak antolatutako Hazilan egitasmoaren hamalaugarren eta azken deialdia. Egitasmoa eskualdeko enpresa, langabe edota lana hobetu nahi duten 20 eta 44 urte bitarteko, eta goi mailako ikasketak dituztenei bideratuta dago. Langabeen kasuan, laneratzen laguntzeko balio du programak, eta lanean ari direnen kasuan, beraien lan aukerak hobetzeko.
Programaren xehetasunak azaltzeko informazio saioa egingo dute uztailaren 19an, 11:00etan, Urola Kostako Udal Elkarteko egoitza nagusian. Parte hartu nahi duenak, ordea, izena eman beharko du aurrez, lotura honetan.
Prestakuntza trinkoa eta praktikak enpresetan
Ohi bezala, programak hiru atal nagusi izango ditu. Lehendabizi, zeharkako gaitasunak landuko dituzte "bizipen prestakuntza pertsonalizatua eta integrala" eskainita. Ondoren, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuta, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte parte hartzaileek. Amaitzeko, eskualdeko enpresa batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.
Orain arte, ekimenak ibilbide "emankorra" izan duela adierazi du UKUEk . Edizio guztietan, orotara, 192 pertsonek hartu dute parte.