Asteartean, 18:30 aldera, kamioi batek istripua izan zuen Orion AP-8 bidesariaren inguruan, eta su hartu zuen. Garraiolaria bertan hil zen. Aiarra zen. Lan istripua salatzeko elkarretaratzea egitea erabaki zuten ELA eta LAB sindikatuek eta langilearen lankideek, eta gaurko jarri zuten hitzordua. 12:00etan Ederra enpresak Aian duen lantegi aurrean bilduko dira, Laurgainen.
Orioko Udalak gaur goizean argitaratu du oharra, elkartasuna adieraziz zendutako garraiolariaren familiari, lagunei eta lankideei, eta bat egin du eguerdiko protestarekin. Herritarrak ere deitu ditu bertan parte hartzera.
Bestalde, atzo Ertzaintzak jakinarazi zuen ezbeharraren arrazoiak argitzen lagundu dezaketen lekuko bila dabilela. Informazioa eskaini dezaketen pertsonei Trafikoko Unitateko ikerketaren arloko agenteekin harremanetan jartzeko eskatu zien, 943-53 91 19 telefono zenbakira deituta.