Idi proba zaleek hutsik egin ezinezko hitzordu horietakoa izan dute asteburuan Aiako probalekuan. Bi jardunalditan banatuta, XXIV. Kintopeko Idi Probak jokatu dituzte. Sei idi pare aritu dira nor baino nor, hiru larunbatean eta beste hiru astelehenean, eta ikuskizun bikaina emanda, Igone Pagadizabalen idi parea izan da Udaberri Saria irabazi duena.
Hiru pare onenak astelehen iluntzean plazaratu zituzten. Aurrena, Iñaki Oliden oriotarrarena; gero, Txokolate errezildarrarena; eta azkenik, Pagadizabal hondarribiarrarena. Olidenen pareak erakustaldia eman zuen, 65 plazako marka jarrita; Errezilgo pareak, zortzi plaza gutxiago egin zituen; eta Pagadizabalen pareak, Olidenenak baino plaza bat gehiago eginda —66 plaza—, garaipena poltsikoratu zuen.
Larunbatean lehiatu ziren hiru pareentzat izan dira sailkapeneko laugarren, bosgarren eta seigarren postuak. Laugarrena Bizkaiako Billelako Lopategiren idi parearentzat izan da, 57 plaza eginda; bosgarrena, Ainhoa Gabirondo oriotarraren parearentzat, 54 plaza eginda; eta seigarrena, Arroako Etxetxoren parearentzat, 43 plaza eginda.