Kontxa osteko atsedena aspaldi bukatu zitzaien arraunlariei, eta dagoeneko aste mordoxka daramatzate datorren denboraldia prestatzen, eguneroko entrenamendu saioetan buru-belarri; udako emaitzak neguko hilabete luzeetako lanaren ondorio izaten baitira. Eta kirolariek ez ezik, arraun elkarteetan ardura postuak dituzten horiek ere gogotik saiatu behar izaten dute neguko hilabeteetan, bulegoko lanetan, hein handi batean haiena izaten baita ahalik eta trainerurik lehiakorrenak osatzeko ardura.
Beti izaten dira taldea uzten duten arraunlariak, izan arrauna bera lagatzea erabaki dutelako, izan beste talderen baten eskaintza onartu dutelako, edo taldeak berak jada haiekin kontatzen ez duelako; eta joan direnak ordezkatzeko, berriak ekarri behar. Orioko nesken eta mutilen traineru nagusietan ere bietakoak izan dira; joan direnak zein etorri direnak. Oraindik fitxaketak egiteko sasoia zabalik den arren, momentuz honakoak dira aldaketak:
Nesken traineru nagusian
- Joan direnak: Olatz Agirregabiria, Nerea Badiola, Luda Davydenko, Amaia Galdos, Udane Hoyos, Garazi Oliden, Sandra Piñeiro, Jennifer Rodriguez, eta Xanti Zabaleta (entrenatzailea).
- Etorri direnak: Alaine Bereziartua (Zumaia), June Aranbarri (Donostiarra), Eider Barba (Tolosaldea), Maria Cosci (Deustu), Helena Merino (Zumaia), Andrea Oubiña (Donostiarra), Nagore Urdapilleta, Uxue Urra (Hibaika), Noa Viaño (Chapela, Galizia) eta Patxi Frances (Tolosaldea, entrenatzailea).
Mutilen traineru nagusian
- Joan direnak: Martxel Aldai, Kepa Arrizabalaga, Imanol Garmendia, Ibai Gonzalez, Ugaitz Mendizabal, eta Mikel Peña (Ondarroa).
- Etorri direnak: Mikel Arostegi (San Pedro), Jon Arriola, Jokin eta Joseba Azkonobieta, Mikel Azurmendi, Ander Etxegoien (San Pedro), Xabier Manrique, Jon Olaizola, eta Fernando Rua (Santurtzi).
Horiez gain, badira etxetik kanpora dabiltzan oriotarrak eta aiarrak ere. Iosu San Sebastian arraunlariak San Pedro utzi egin du eta Getariako taldera batu da; eta Mikel Portularrume Paorra-k Zierbenatik Santurtzira egin du jauzia, eta gainera, aurten lehenengoz, prestatzaile gisa ariko da.