Julen Alonsok bere ibilbidean etenaldi bat egitea erabaki du. Halaxe jakinarazi du gaur, sare sozialen bidez. Horrenbestez, "momentuz", Eskuetan bihotza ikuskizun berriaren emanaldirik ez du egingo. Urtarrilaren 22an zen Aiako probalekuan estreinatzekoa, baina bertan behera utzi behar izan zuen emanaldi hura ere. "Bide bat gelditu, eta nere burua zaintzeko bideari ekingo diot, bai fisikoki eta bai mentalki", adierazi du. Eskerrak emateko ere baliatu du mezua. "Ez naiz sekula aspertuko esaten, eskerrik asko denoi emandako babes guztiagatik, bene-benetan". Argi utzi du ez dela agur bat, gero arte bat baizik, eta "indarrarekin eta bihotza ondo osatuta" bueltatuko dela agindu du.
Alonsok abenduan kaleratu zuen Eskuetan bihotza bere bigarren diskoa, eta asteburuaz geroztik Youtuben entzungai dago bilduma oso-osoa.