Orio AEk lau garaipen lortu ditu Gipuzkoako Aulki Mugikorreko bigarren jardunaldian

Iñigo Gaiton 2022ko urt. 17a, 12:30

Senior, jubenil eta infantiletan lortu dituzte garaipenak etxeko arraunlariek. Orio AEk 14 ontzi aurkeztu zituen lehiaketara.

Bidasoako Jaitsiera jokatu zen herenegun, larunbatarekin, Irunen. Gipuzkoako Aulki Mugikorreko bigarren jardunaldia izan zen lehiaketa, eta Orio Arraunketa Elkarteak 14 ontzi aurkeztu zituen; berez 18 zeuden izena emanda, baina koronabirusarekin izandako arazoak medio, batzuek etxean geratu behar izan zuten. 

Orioko ontziek lau garaipen lortu zituzten. Emakumezkoetan, onena izan zen lauko skullean Marina Gaztañazpik, Maddi Erguinek, Iraia Lozanok eta Amane Basurtok osatutako tripulazioa.

Jubeniletan ere oriotarrek lortu zuten denborarik onena, eta garaipena Ainhoa Garcia, Malen Garmendia, Aroa Gomez eta Karmele Arrillagarentzat izan zen.

Gizonezkoetan ere bi garaipen lortu zituzten estropalariek. Bakarkako skiffean, Oihan Gozategi gailendu zen. Zortzikoan, berriz, helmugan marka onena ezarri zuen M.A. Millares, Jon Olaizola, Jon Arriola, Jon Lizarralde, Joseba Rodriguez, Jon Carazo, Imanol Garmendia eta Mikel Lizarraldek osatutako tripulazioak. Haiekin batera, Vicky Piñeirok jardun zuen lemazain lanetan.

Gainontzekoen emaitzei dagokienez, Orio AEren lau ontzik bigarren egin zuten, hiru ontzik hirugarren, ontzi batek laugarren eta bi ontzik bosgarren.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide