Orion 107 positibo zenbatu dituzte azken lau egunetan, eta Aian, 37

Ihintza Elustondo 2022ko urt. 3a, 16:06

Eskualdeko herri gehienetan gora egin dute atzemandako positibo kopuruak nahiz intzidentzia tasak. Hego Euskal Herrian 11.281 positibo atzeman zituzten atzo, eta %38,3koa da positibotasun tasa. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, sekula baino positibo gehiago zenbatu dituzte azken lau egunetan Urola Kostako herrietan, baita Orion eta Aian ere. Hain zuzen ere, Urola Kostan 1.840 kasu baieztatu zituzten ostegunetik atzora bitartean egindako probetan, horietatik 107 Orion, eta beste 37 Aian. Ondorioz, intzidentzia tasak gora egin du bi herrietan: 4.191,13koa da Orion eta 4.534,01koa da Aian.

Eskualdean, berriz ere Zarautzen eta Azpeitian zenbatu dituzte kasu gehien. Zarautzen, 486 kasu atzeman dituzte azken lau egunetan, eta 4.784,34koa da intzidentzia tasa. Azpeitian, berriz, errekor guztiak hautsi ditu intzidentzia tasak: 421 positibo zenbatuta, 7.089,36koa da; ostegunaz geroztik bi mila puntu egin du gora. Azkoitian ere gora egin dute kasuek: 350 positibo atzeman ostean, 6.233,83ra igo da intzidentzia tasa; ostegunetik bi mila puntu baino gehiago igota.

Herri horien ostean, Zumaian zenbatu dituzte kasu gehien; 280, hain zuzen ere. Han ere, positiboen gorakadak eragina izan du intzidentzia tasan ere, eta gaur-gaurkoz, 5.881,75ekoa. Getarian, 74 kasu baieztatu dituzte –5.371,02ko tasa–; Zestoan, 66 kasu –5.726,76ko tasa–; Aizarnazabalen, hamabost –5.851,76ko tasa–; Errezilen, hiru kasu –2.898,55eko tasa–, eta Beizaman, bat –3.225,8eko tasa–.

Hego Euskal Herrian 11.281 positibo

Hego Euskal Herrian ere, kopuru handiak zenbatu dituzte. Izan ere, atzo 11.281 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Guztira, 29.416 PCR eta antigeno proba egin zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; beraz, positibotasun tasa %38,3koa da gaur-gaurkoz. Ospitaleei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, COVID-19a duten 56o lagun daude ospitaleratuta solairu arruntetan, eta beste 132 ZIUetan. Osasunbideak adierazi duenez, Nafarroan 188 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 24 ZIUetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide