Ostalaritza guneek 01:00etarako itxi beharko dute bihartik aurrera

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 28a, 18:30

Eusko Jaurlaritzak tabernetan zutik kontsumitzea debekatu du, eta edukiera gehienez ere %60koa izango da barrualdeetan. Bestelako ekitaldi guztiek ere 01:00ean amaitu beharko dute. Neurriak urtarrilaren 28ra arte egongo dira indarrean.

Labi aholku batzordea arratsaldean bildu da urte bukaerara begira neurri berriak ezartzeko, eta ondoren jakinarazi ditu neurri horiek Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Aurreikusita bezala, COVID-19aren izurriaren aurkako naurriak gogortu dituzte. Batez ere, ostalaritzari eragingo diete neurri berriek: tabernak eta jatetxeak beranduenez 01:00etan itxi beharko dira, horietan ezingo da zutik kontsumitu, eta barrualdeetako edukierak gehienez %60koa izan beharko du. Mahai bakoitzeko gehienez hamar lagun elkartu ahal izango dira. 

01:00etako mugak gainontzeko kultur, gizarte eta kirol ekitaldiei ere eragingo die. Gainera, edozein ekitalditako edukiera gehienez 600 lagunekoa izango da barrualdeetan, eta 800ekoa kanpoaldean. Barrualdean kirola egiteko, berriz, gehienez hamar lagunek elkartu ahalko dute, eta aldagelek %50eko edukiera izango dute.

Halaber, Gabonetara begira, neurri bereziak ezarriko ditu Jaurlaritzak: urtarrilaren 1ean eta 6an, saltokiek nahiz ostalaritza guneek ezingo dute 08:00 baino lehen zabaldu, eta Urtezahar, Urteberri, eta Errege eguneko bazkarietan eta afarietan gehienez hamar lagun elkartzeko gomendioa egin dute.

Neurri horiek guztiak bihar sartuko dira indarrean, eta urtarrilaren 28ra bitartean aplikatuko dituzte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide