Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan intzidentzia metatuak 2.000ko langa gainditu du aurreneko aldiz Eusko Jaurlaritzak pandemiako datuak jasotzen dituenetik, eta Urola Kostako datuak ez dira hobeak. Azken lau egunetan, ostegunetik igandera, 830 positibo berri zenbatu ditu Osakidetzak eskualdean.
Aurreko egunetan bezala, positibo gehien Zarautzen izan dira, 271, eta ondoren Azpeitian, 187. Hala, goraka jarraitzen dute 100.000 biztanleko intzidentzia metatuek bi herri horietan; 2.503,29tik 2.976,35era igo da tasa Azpeitian, adibidez.
Gorakada handienetakoak, ordea, Zarautzen eta Zumaian izan dituzte. Zarautzen, 1.781,81etik 2.424,29ra. Zumaian, berriz, 1.882,17tik 2.371,04ra igo da intzidentzia tasa. 100 kasu berri izan dira ostegunetik atzora han.
Azkoitian 76 positibo atzeman dituzte, eta ia 2.000koa da intzidentzia tasa (1.977). Zertxobait behera egin du, dena den, aurreko egunetan 1.852,62koa zenez.
Orion ere positibo asko zenbatu dituzte: 60. Gainera, tasa altuena berak du eskualdean –5.000 biztanletik gorakoetan–, 2.772,34tik 3.065,88ra igaro baita.
Herri txikiak ez daude askoz hobeto: Aian 10 positibo atzeman dituzte, Aizarnazabalen 16 eta Getarian 27. Zestoan, berriz, 49 kasu berri agertu dira, eta herri horretan 3.591koa da intzidentzia tasa une honetan. Lehengo ostegunean ere altua zuen, 3.312koa.
Errezilen eta Beizaman ere egon dira positiboak,baina gutxiago; hiruna herri bakoitzean.
ZIUetan gaixo gehiago
Hego Euskal Herriari dagokionez, 5.362 kasu berri atzeman zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, horietatik 1.097 kasu Nafarroan, eta gainerako 4.265 kasuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken hiru lurralde horietan 17.050 proba egin zituzten, eta beraz, positibotasuna %25ekoa izan da. Alegia, proba egin duten lautik batek eman du positibo. Datua are larriagoa da Nafarroan, 4.000 test egin zituztenez atzo, positibotasuna %27,5an kokatu baita.
Gaur-gaurkoz, Osakidetzaren menpeko ospitaleetan COVID-19agatik 110 paziente daude ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan, eta 381 gela arruntetan. Nafarroan, 146 daude ospitaleratuta, horietatik 26 ZIUetan.
Azken astean 30 heriotza eragin ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Bestalde, Labi bihar bilduko da, urtea amaitu aurretik neurri berriak ezartzeko.