Gabonetako ospakizunetan gehienez hamar lagun juntatzea gomendatu dute

Julene Frantzesena 2021ko abe. 20a, 16:36

Gabonen atarian, COVID-19aren hedapena eteteari lotutako "gomendio bereziak" eman ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Herritarrei zuhurtziaz jokatzeko eskatu die, hainbat gomendio emanda eta prebentzio neurriak gogora ekarrita.

Iristear dira Gabonak, eta gaur, astelehena, COVID-19aren hedapena eteteari lotutako "gomendio bereziak" eman ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Debekurik ez du ezarri, baina Labiren Batzorde Teknikoak Gabonak ospatzeko hainbat proposamen egin ditu.

Herritarrei zuhurtziaz jokatzeko eskatu die, ospakizunetarako gehienez hamar laguneko "talde egonkorra eta txikia" osatzeko dei egitearekin batera. Gainera, merkatuak, feriak, ekitaldi erlijiosoak, kabalkadak, desfileak nahiz kotilleoiak bertan behera uztea gomendatu du, baita enpresa otorduak ez egitea ere.

Honako hauek dira Osasun Sailaren gomendioak:

  • Ez joan hitzorduetara: arrisku egoeran edo egoera zaurgarrian bazaude; katarro edo gripe sintomak badituzu –kalentura, eztula, nekea, arnasa hartzeko zailtasuna, dastamen edo usaimen falta...–; COVID-19a baduzu, bakartuta bazaude edo PCR probaren emaitzaren zain baldin bazaude.
  • Talde egonkorra eta txikia sortu ospakizunetarako. Hamar laguneko taldea izan dadila geheinez, bi familia unitatetakoak.
  • Enpresa otorduak, kotilloiak eta Gabonetako festak saihestu.
  • Ostalaritza guneetan mahaiko sei lagun esertzea gomendatzen da, barran ez ahal dela eta talde txikietan. Ahal dela, gainera, kanpoan egotea gomendatzen da.
  • Saihestu kontaktudun agurrak, hala nola besarkadak eta musuak.
  • Aerosolen emisioa areagotzen duten ekintzak ez egitea gomendatzen da, hala nola kantatzea, deiadar egitea edo bolumen altuan hitz egitea, batez ere leku itxietan.
  • Ez partekatu platerak, mahai tresnak eta edalontziak.

Ohiko prebentzio neurriak ere gogorarazi ditu Osasun Sailak. Besteak beste, barruko espazioetan eta gutxieneko distantzia mantentzea ezinezkoa den kasuetan maskara erabiltzea gomendatu du, baita eskuak sarri garbitzea, pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia mantentzea eta espazio itxiak aireztatzea ere.

Gainera, COVID-19aren sintomaren bat nabarituz gero, lehenbailehen bakartzeko, osasun zerbitzuekin harremanetan jartzeko eta kontaktuan izandako pertsonen zerrenda egiteko eskatu die Osakidetzak herritarrei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide