Lau egunean 41 positibo zenbatu dituzte Orion, eta hamar Aian

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 20a, 13:50

5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrietan, Oriok dauka intzidentzia tasarik altuena: 2.641,88koa. Dena dela, joan den osteguneko tasa bera da; ez du gorabeherarik izan. Aiakoa, aldiz, zertxobait igo egin da: 1.964,74koa zen ostegunean, eta 2.015,11koa da gaur. Eskualdean, lau egunean 387 positibo zenbatu dituzte, joan den asteburuan baino 31 gutxiago. Hala ere, oraindik ere oso handia da kopurua.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaerari buruzko asteleheneroko txostena, eta lehengo lepotik burua. Ostegunaz geroztik, 41 positibo atzeman dituzte Orion, eta hamar Aian. Duela astebeteko txostenak zekartzan datuekin parekatuz gero, ia gorabeherarik ez: Orion positibo bat gehiago zenbatu zuten joan den asteburuan, eta Aian, asteburu honetan adina.

Intzidentzia tasak oso altua izaten jarraitzen du bi herrietan. Hain zuzen ere, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrietan, Oriok dauka altuena: 2.641,88koa. Dena dela, joan den ostegunetik ez du gorabeherarik izan kopuru horrek; eta eskualdeko zerrendaren buruan bada, Azpeitiko tasa jaitsi egin delako izan da. Aiakoa, aldiz, zertxobait igo egin da azken egunotan: 1.964,74koa zen ostegunean, eta 2.015,11koa da gaur. 

Urola Kostan, berriz, 387 positibo atzeman dituzte Ostegunaz geroztik. Joan den asteleheneko datua baino hobea da, orduan 31 gehiago baitziren zenbatutako kasuak. Dena dela, oraindik ere oso handia da kopurua.

Zarautzen hauteman dituzte kasu gehien, lau egunean 114 hain zuzen, baina hango intzidentzia tasak apenas izan du gorabeherarik ostegunetik hona: 1.683,30ekoa zen orduan, eta 1.699,15ekoa da gaur. Azpeitian, berriz, ia 300 puntu jaitsi da, 2.660,97tik 2.385,02ra, lau egunean 74 positibo baieztatuta. Azkoitiko tasa egonkor mantendu da: 1.418,68koa zen ostegunean eta 1.435,35koa da gaur; 32 positibo izan dituzte han. Kontrara, igoera nabarmena izan du Zumaiakoak, ia 300 puntukoa. Ostegunean 936,21ekoa zen, eta 1.200,77koa da gaur. 67 positibo izan dituzte lau egunean. 

5.000 biztanletik gorako herriei dagokienez, Zestoak ditu zenbaki kezkagarrienak. Lau egunean 33 kasu baieztatu dituzte han eta 2.593,73koa da intzidentzia tasa. Getarian bederatzi kasu izan dituzte, Aizarnazabalen lau, Beizaman bi eta Errezilen bat.

ZIUetan, ehundik gora lagun

Hego Euskal Herrian, berriz, 2.135 positibo atzeman zituzten atzo. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19ak jotako 324 lagun daude ospitaleratuta, duela astebete baino hamalau gutxiago. Aldiz, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) 105 lagun daude, joan den astelehenean baino hamalau gehiago. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide