Joan den ostegunean, Zarauzko Bilgune Feministak eta Zarauzko Neska Gazteek gutun bat plazaratu zuten Zarautzen egun batzuk lehenago izandako eraso matxista "oso larri" baten berri emanez. Gutun harekin, gertaerak zalantzan jarriz herrian zabaldutako zurrumurruak gaitzetsi zituzten eta erasotuari eta haren ingurukoei ahizpatasuna, babesa eta elkartasuna adierazi zizkieten. Baina ez hori bakarrik; nazkatuta, haserre eta amorratuta daudela esan zuten, Zarauzko azkenaz gainera, eskualdean beste hainbat eraso matxista ere izan direlako azken hilabeteotan.
Erasoen aurreko erantzuna artikulatzea erraza ez dela izaten aitortu arren, ziurtatu zuten erasorik ez dela geldituko erantzunik gabe, eta abenduaren 10erako, datorren ostiralerako, mobilizaziora dei egin zuten. Orduan aurreratu zuten eskualdeko mobilizazioa izango zela, alegia, beste herrietako talde feministekin batera antolatuko zutela, eta iluntzean izango zela, Zarautzen. Orioko Xaltxerak talde feministak bat egin zuen Zarauzkoek ateratako gutunarekin, baita mobilizaziorako deiarekin ere.
Orain jakinarazi dute Aski da! Emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte! lelopean manifestazioa egingo dutela, 18:30ean Zarauzko udaletxe paretik abiatuta. Zarauzko Bilgune Feministaz eta Orioko Xaltxerez gain, Zumaiako Mugimendu Feminista, Mariñak, Malen Etxea eta Morroxkak dira mobilizaziora dei egin dutenak.