"Erantzukizunez jokatzera" deitu du UKUEk, eskualdeko sailkatze indize orokorra %70ekoa izan arren

Iñigo Gaiton 2021ko aza. 29a, 09:00

Urola Kostako Udal Elkarteak azaldu duenez, 2018an hondakinak biltzeko sistema berria ezarri zenetik, datuen bilakaera ona izan da.

UKUEk oharra plazaratu du, herritarrei mezu bat helarazteko: "erantzukizunez jokatzera" dei egin diete, hondakinak sailkatzeari erreferentzia eginez.

Udal elkartearen hitzetan, 2019ko lehen seihileko datuekin konparatua, etxeko hondakinen sorrera %3,5 murriztu da eskualdean 2021.urtean. Horri erreparatu ostean, UKUEk azaldu du aztertu beharreko hurrengo datua bildutako hondakinen sailkatze indizearena dela, eta hori, gaur gaurkoz %70 da eskualdean. 

Nabarmendu dutenez, zifra horrek hobekuntza bat islatzen du: "2018an hondakinak biltzeko sistema berria ezarri ezkeroztik, positiboa izan da Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian berezituta jasotako hiri hondakinei buruzko datuen bilakaera". 

Herritarrek "jarrera ezin hobea" izan dute, UKUEk azaldutakoaren arabera, baina azpimarra egin diote zenbait jenderen jokabideari: "Badira hondakinak egoki sailkatzen ez dituzten hetritarrak. Tamalez, gutxi batzuen jarrerek eragina dute herritar guztiengan. Horregatik, Udal Elkartetik dei irmoa egin nahi zaie herritar guztiei erantzukizunez, arduraz eta ingurumenarekiko begirunez joka dezaten".

Jarraibide batzuk ere eman dituzte, hondakinen kudeaketa hobetzeko helburuareki:

1- Debekatuta dago poltsak edukiontzien kanpoaldean uztea
2- Txartel bidez ireki behar dira, nahitaez, errefusaren eta organikoaren edukiontziak
3- Hondakin handiak herri bakoitzari dagokion egunean eta 20:00etatik 22:00etara utzi behar dira, ahalik eta modu txukunenean

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide