KARKARAK Komunitatearen Saria irabazi du Tokikom Sarietan

Karkara 2021ko aza. 13a, 10:08

KARKARAk 2020ko irailean plazaratutako aldizkariaren azalak jaso du Komunitatearen Saria, publikoaren boto gehien jaso ondoren. Atzo izan zen sari banaketa ekitaldia Arrasaten, eta sariak banatzeaz gain, jardunaldia ere egin zuten nazioarteko adituekin, hedabideen inguruan komunitateak sortzea ardatz hartuta. 

Tokikom Sarien seigarren edizioaren sari banaketa egin zuten atzo goizean Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan. Tokikomek antolatu zuen ekitaldia, eta euskarazko komunikazioaren arloko ehun lagundik gora batu ziren, sari banaketaz gain, lanketa ere egin zutelako nazioarteko adituekin batera, hedabideen inguruko komunitateen sorkuntzaz. Britainia Handiko BBCko, Flandriako Het Belang van Limburgeko eta Espainiako eldiario.es-eko lankideen esperientziak entzuteko aukera izan zuten ekitaldian. 

Tokikomek lau sari banatu ditu aurten finalisten artean, eta horietako bat, Komunitatearen Saria, KARKARA hedabidearentzat izan da. Sari hori publikoak erabaki du, Internet bidez egindako bozketaren bitartez. Hala, finalistarik bozkatuena izan da KARKARA aldizkariaren Bandera da Orion azala. 2020ko irailean plazaratu zuen, Orioko nesken traineruak Kontxako Bandera irabazi eta gero. 373 boto jaso ditu, boz guztien %25. Aitziber Arzallus KARKARAko erredaktoreburuak eta Arnaitz Rubio argazkilariak jaso zuten garaikurra.

Edukirik Onenaren Saria Hego Uribeko Geuria aldizkariarentzat izan da, Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak monografikoagatik. Azalik Onenaren Saria Sakanako Guaixe aldizkariak irabazi du, eta Ikus-entzunezkorik Onenarena Goierri Irrati-Telebistak jaso du.

Urolako Komunikazio Taldeko lan gehiago izan dira finalista aurtengo edizioan: batetik, GUKA gehigarriko erreportaje bat, eta bestetik, Maxixatzenen azal bat eta erreportaje bat.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide