Abian da Tokikom Sarien seigarren edizioa, toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lan aparta aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz. Sariok Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako foru aldundien babesarekin.
Gaur, asteazkena, amaituko da Tokikomen komunitatearen sarian botoa emateko epea. Karkara aldizkariaren azal bat dago epaimahaiaren saria lortzeko hautagaien artean: iazko irailekoa, hain zuzen. Gainera, Karkara parte den Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) argitaratutako beste hiru lan ere badira finalisten artean: GUKA gehigarriko erreportaje bat eta Maxixatzenen azal bat eta erreportaje bat..
Urtero bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahai batek hiru sari emango ditu, azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Maria Gonzalez Gorosarrik eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek osatzen dute. Haiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 57 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aukeratzeaz.
Hona hemen saria jasotzeko hautagai diren lanak:
Komunitatearen saria?
Joan den urtean bezala, laugarren sari bat ere izango da aurten: Komunitatearen Saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren boto gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori, toki komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsari emateko asmoz. Botoa emateko urriaren 20ra arte izango da webgune honetan.
Sari banaketa eta jardunaldiak? Tokikom Sarien banaketa azaroaren 12an izango da, tokiko komunikabideen erronken inguruko jardunaldi batzuen barruan. Ekitaldiaren inguruko xehetasunak laster jakinaraziko ditu Tokikomek.