Neurri murriztaileak indargabetu ditu Labik, musukoaren erabilera izan ezik

IƱigo Gaiton 2021ko urr. 5a, 18:49

Osasun larrialdi egoera amaitutzat ematea erabaki du Labi aholku batzordeak gaurko bileran. Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu duenez, "etapa berria" hasiko da datozen egunetan. 

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak agerraldia egin du arratsaldean, pandemiaren kudeaketaren azken neurrien berri emateko. Labi aholku batzordeak gaurko bileran erabakitakoan oinarrituz, osasun larrialdi egoera “indargabetuta” geratzen dela azaldu du. Hala, ostegunetik aurrera “zaintza fasean” sartuko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, lehendakariak nabarmendu duenez: “COVID-19ak osasun sisteman duen eraginak kritikoa izateari laga dio”.

Egoera epidemiologikoak izan duen eboluzioari erreparatuta, koronabirusa gaixotasun “endemikoa” izatera pasatu dela azpimarratu du Urkulluk. Hori dela eta, hilabete luzez indarrean egon diren neurri murriztaile ia denak indargabetu egin dituzte, bat izan ezik: musukoren erabilerak derrigorrezkoa izaten jarraituko du toki itxietan. Aire zabalean ere erabili beharko da, distantzia gorde ezin den tokietan. Horrez gain, 5.000 lagunetik gora hartzeko gaitasuna duten toki itxietan, edukiera mugak %80 izaten jarraituko du.

Hala ere, aurrerantzean zuhurtasunez jokatzera deitu ditu lehendakariak herritarrak, birusaren “mehatxuek” hor jarraitzen dutela iritzita: “Orain arte ikusi den modura, birusaren joerak ezin dira aurreikusi. Mutazio berriak sor daitezke, eta zoritxarrez, txertoen defizita dago mundu mailan. Horren gain, oraindik ez dakigu txertoen babesaren iraupena zenbatekoa den”.

“Etapa berria” ostegunetik aurrera

Ostegunean sartuko da indarrean osasun larrialdi egoerari amaiera emango dion dekretua. Datozen egunetan, gizarteak “etapa berria” hasiko duela azpimarratu du lehendakariak. Hori, hein handi batean, “txertaketari esker” lortu dela adierazi du: “Txertoa izan da pandemiari aurre egiteko erremintarik eraginkorrena”.

Segidan, goraipatu jarri ditu Osakidetzak egindako lana eta euskal gizarteak txertatzeko erakutsitako jarrera: “Munduko herrialde garatuenen pareko erantzuna eman du Euskal Herriak, eta txertaketarekin egindakoa lorpen handia da”.

Etapa berriari begira, Osasun Sailak izango dituen zenbait helburu ere aletu ditu. Besteak beste, ZIUen okupazioa 40 eritik behera mantentzeaz gain, saiatu nahi dute kasuen detekzioan eta jarraipenean efizientzia altua izaten.

Lehendakariarentzat, “itxaropenerako garaia” hasiko du jendarteak, pandemiaren aurkako “borroka zail, luze eta gogorraren” ondoren. Hitzartzearen amaieran, esker oneko hitzak izan ditu Labi aholku batzordeko kideentzat: “Hilabete hauetan guztietan, 34 bilera egin ditu Labik, eta 20 dekretu onartu dira”.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide