Aian beste bi positibo izan dira azken orduetan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 5a, 13:30

Oriok eremu berdean jarraitzen du. Eskualdean, sei positibo izan dira denera. Labi batzordeak gaur arratsaldean emango du pandemiaren kudeaketaren azken neurrien berri.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, bi positibo zenbatu zituzten atzo Aian. Orion, berriz, bat ere ez da izan, eta herriak eremu berdean jarraitzen du 16,31 tasarekin.

Urola Kosta eskualdean, denera sei positibo izan dira. Aiakoez gain,  Zarautzen beste bi detektaut dituzte, eta bana Azkoitian eta Azpeitian. Atzoko positibo bakan horien eraginez, igo egin da apur bat Azpeitiko eta Zarauzko intzidentzia tasa. 157,69koa da Azpeitian eta 77,10ekoa Zarautzen. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute positibo berririk zenbatu, eta beherantz jarraitzen dute intzidentzia tasek. Azkoitikoa eremu berdetik oso hurbil kokatu da: 66,76 da herri horretako tasa. Zumaia eremu berdean da iragan asteburutik, eta atzoko datuekin are gehiago jaitsi da hango intzidentzia tasa: 20,35era, hain zuzen ere.

ZIUen okupzioak behera egiten jarraitzen du

Atzokoan, 104 kasu positibo zenbatu zituzten Osasun Sailaketa Osasunbideak Hego Euskal Herrian, igandean baino 20 gehiago. Guztira, 7.106 proba egin zituzten, eta horietako 104k eman zuten positibo. Datuak horiek izanik, %1,5ekoa da positibotsun tasa Hego Euskal Herrian. Hamar kasu atzeman zituzten Araban, 35 Bizkaian, 44 Gipuzkoan, eta hiru hiru lurralde horietatik kanpo bizi direnen artean. Nafarroan, aldiz, hamabi kasu positibo detektatu zituzten atzo.

Ospitaleen egoerari erreparatuta, hobera egin du egoerak Osakidetzaren ardurapeko ZIUetan. Izan ere, 34 gaixok behar dituzte zainketa bereziak COVID-19aren ondorioz, herenegun baino bost gutxiagok. Ospitaleratze berrien eta ospitaleratuta daudenen inguruko daturik, berriz, ez dute eman. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 62,05koa da, atzo baino apur bat baxuagoa, beraz, adierazle horrek ere hobera egin du.

Nabarmena da datuek hobera egin dutela azken asteetan. Hori horrela, Nafarroako Gobernuak aurreko ostiralaz geroztik bertan behera laga ditu neurri murriztaileak. Labi batzordeak gaur du pandemiaren kudeaketaren inguruko azken neurriak hartzeko bilera, eta arratsaldean emango du horien berri.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide