Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitara eman berri ditu asteazkeneko PCR eta antigeno proben emaitzak, eta Aian eta Orion ez dute kasu positiborik hauteman. Aian, apurka, behera egiten jarraitzen du kasu metatuen tasak; 554,16tik 503,78ra jaitsi da. Orion berdin mantendu da tasa, 48,92an.
Urola Kostan, guztira, zazpi kasu bakarrik zenbatu dituzte. Zazpi horiek, ordea, Azpeitian atzemandakoak dira; azken hiru egunetan goraka doaz kutsatzeak udalerri horretan. Hala eta guztiz, eremu horian jarraitzen du, nahiz eta intzidentzia tasak zertxobait egin duen gora: une honetan 177,40koa da –atzo 164,26koa–.
Urola Kostako gainerako herrietan ez dute kutsatze berririk detektatu beste behin, eta intzidentzia tasek eusteko joerari heldu diote. Azpeitiaz gain, 5.000 biztanletik gorako herrietatik beste hiru daude eremu horian: Azkoitia (108,49), Zarautz (89,95; hainbat puntu beherakada izan du) eta Zumaia (61,06). Beste herriei dagokienez, honako datuak dituzte: Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen zero, Getarian 35,34 eta Zestoan 154,08.
Hego Euskal Herrian
Atzoko datuei erreparatuz, Hego Euskal Herrian 8.193 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 114 izan ziren emaitza positiboa eman zutenak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien (49), eta, ondoren, Gipuzkoan (29), Nafarroan (hemeretzi) eta Araban (hamasei). Horrez gain, lurralde horietatik kanpoko pertsonak batek ere positibo eman zuen proban. Positibotasun tasa %1,4 da lau lurraldeetan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 86 pertsona daude ospitaletan, eta horietatik 37 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, aldiz, 40 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik hamar daude ZIUn.