Kasu positibo bat baieztatu dute Orion

Maria Maya Manterola 2021ko ira. 17a, 13:09

146,77ra igo da Orioko intzidentzia tasa, eta 906,80an jarraitzen du Aian. Hego Euskal Herrian 191 kasu zenbatu zituzten atzo, osteguna. Ospitaleetako egoera ere hobera egiten ari da, herenegun baino 65 pertsona gutxiago baitaude Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan. Eskualdean, Azpeitian zenbatu dute kopuru altuena.

Eusko Jaurlaritzak argitaratu du azken orduetako koronabirus kasuen berri dakarren txostena. Horren arabera, Orion kasu positibo bat hauteman zuten atzo, osteguna. Kasu metatuen tasa 130,34tik 146,77ra igo da beraz, eta eremu horian jarraitzen du herriak. Aian, ordea, ez da kasu berririk izan azken orduetan; 906,80an dago intzidentzia tasa.

Urola Kostan, guztira, 11 kasu positibo hauteman zituzten atzo; asteazkenean zenbatutako kopuru bera. Azpeitian eta Azkoitian lau eta hiru kasu zenbatu dituzte hurrenez hurren. Kasu horien eraginez, gora egin du intzidentzia tasak Azpeitian –223,39tik 249,67ra–;  Azkoitian, berriz, zertxobait jaitsi da –223,66tik 208,63ra–. Zarautzen, bestalde, kasu positibo bat detektatu zuten atzokoan; 132,78ko tasa dute. Zestoan, berriz, bi koronabirus kasu detektatu zituzten.

Gainerako herrietan ez zuten positiborik atzeman, eta beraz, jaitsi egin dira herri horietako intzidentzia tasak. Hala eta guztiz, eremu horian jarraitzen dute 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiek. 

Ospitaleetako egoera, hobera

Hego Euskal Herrian 6.915 proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 191k izan zuten emaitza positiboa. Bizkaian zenbatu zuten kasu kopuru altuena: 86. Gipuzkoan 56 izan ziren, Araban 20 eta Nafarroan 28. Positibotasun tasak bere horretan jarraitzen du: jaitsi egin da emaitza positibo kopurua, baina baita lurralde guztietan egindako proba kopurua ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan % 3 da positibotasun tasa, eta Nafarroan, % 1,9.

Ospitaleetako egoerak zertxobait hobera egin du azken orduetan. Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan 153 lagun daude, horietatik 50 ZIUetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 24 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta Nafarroan hiru. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide