Arropa diseinuan aurreneko urratsak egiten ari diren artistei bultzada bat ematea da, batez ere, Kutxa Kultur Moda izeneko egitasmoaren helburua. Edizio honetan hamar diseinatzailek hartu dute parte, eta Chillida Leku bilakatuko dute haien sorkuntzentzako plaza. Izan ere, igande honetan, irailaren 12an, desfile baten bidez erakutsiko dute hamar diseinugileek sortutako arropa.
Jon Alkain da aurtengo Kutxa Kultur Modan parte hartu duen artistetako bat. Lau urtez izan zen Bartzelonan moda diseinua ikasten, eta Ural sinadurapean egindako diseinuak ditu orain esku artean. Unisex arropa egiten du Ural arropa-markak, eta Alkainek jendaurrean aurkeztu du, esaterako, Genesis izeneko bilduma.
Igandean ere izango da haren lanak ikusteko aukera, 19:00etatik aurrera, Chillida Lekun. Alkainen lanez gain, pasarela gainean izango dira Ainara Antxia (Aain), Itxaso Segues (NaturalKiller), Nahia Salaberria, Barbara Leon (Re), Elixabet Perdiguero (ELI-two), Maialen Porroy (EME), Sonia Cepa (Akukuna), Fanny Alonso eta Oihane Pardo (Amarenak) diseinugileen lanak.