Beste kasu positibo bat baieztatu dute Orion

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 9a, 13:01

Intzidentzia tasa 81,54ra igo da Orion. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %4aren bueltan jarraitzen du positibotasun tasak, baina ehunekoak gora egin du Nafarroan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratu berri duen txostenaren arabera, azken orduetan hamar kasu positibo baieztatu dituzte Urola Kosta eskualdean, bezperan baino sei gutxiago. Atzo egindako PCR eta antigeno probetan hiruna emaitza positibo izan dira Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian. Orion, berriz, kasu bat baieztatu dute. Eskualdeko gainontzeko udalerrietan ez dute kasu berririk atzeman.

Azken orduetan egindako proben emaitzak kontuan hartuta, Urola Kostako hainbat herritan behera egin du intzidentzia tasak: 100,76tik 50,38ra jaitsi da Aian, 390,12tik 260,08ra Aizarnazabalen, 283,74tik 258,7ra Azkoitian, 333,85etik 256,81era Zestoan eta 193,34tik 183,17ra Zumaian. Beste zenbait udalerritan, baina, gora egin du kasu metatuen tasak; hain justu, 203,68tik 210,25era igo da Azpeitian, 65,23tik 81,54ra Orion eta 111,36tik 119,93ra Zarautzen. Hortaz, eremu horian jarraitzen dute, momentuz, Azkoitiak, Azpeitiak, Oriok, Zarautzek nahiz Zumaiak.

Hego Euskal Herrian 315 kasu positibo baieztatu dituzte atzo egindako proben bidez, bezperan baino 11 gutxiago. Positibotasun tasak nabarmen egin du gora Nafarroan, %4,1ekoa izan baitzen asteartean egindako probetan, eta %5,9koa izan zen atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina, antzeko mantendu da ehunekoa: proba egin zuten pertsonen %4,2k eman zuten positibo asteartean, eta %4,1ek atzo.

COVID-19ak jotako 41 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, bezperan baino zazpi gutxiago. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du, bestalde, gaur egun 193 pertsona daudela gaitz horregatik ospitaleratuta; 57 dira ZIUn daudenak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide