Beste bi kasu positibo baieztatu dituzte Orion

Andoni Elduaien 2021ko ira. 8a, 13:40

Orioko intzidentzia tasak, dena den, 65,23an jarraitzen du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, orokorrean, behera egin du berriz ere. Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %4aren bueltan kokatu zen atzo.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, Orion bi kasu positibo baieztatu dituzte azken orduetan. Kasu metatuen tasa, hala ere, atzoko zenbateko berean dago; 65,23an. Aian ez dute kasu berririk atzeman, eta intzidentzia tasa berdin mantendu da, 100,76an.

Urola Kosta eskualdean, orotara, hamasei kasu positibo zenbatu dituzte. Azkoitian eta Zarautzen zenbatu dituzte kasu positibo gehien: bosna kasu positibo bi herrietan. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gora egin du, gainera, bi herrietan. Azkoitian, esaterako, 267,04koa zen atzo tasa, eta gaur, berriz, 283,74koa dela zehaztu du. Hori horrela, Azkoitia eremu laranjaren langara hurbildu da berriz ere. Zarautzen ere intzidentzia tasak puntu gutxi batzuk egin du gora, 111,36an kokatuz.

Azpeitian bi kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak, eta intzidentzia tasa 203,68ra jaitsi da. Getarian eta Zumaian, berriz, positibo bana hauteman dute azken orduetan. 106,01ekoa da Getariako intzidentzia tasa, eta 193,34koa Zumaiakoa. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute positiborik atzeman.

Positibotasun tasa, %4aren bueltan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak atzo beste hamasei puntu egin zuen behera, eta hori horrela, egungo tasa 223,39koa da. 7.789 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian Osakidetzak eta Osasunbideak, eta 326 kasu positibo detektatu zituzten. 40 kasu positibo hauteman zituzten Araban, 130 Bizkaian, 99 Gipuzkoan, 53 Nafarroan eta lau positibo lurralde guzti horietatik kanpo bizi direnen artean. Positibotasun tasa %4,2koa izan zen Araban Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,1ekoa Nafarroan.

Ospitaleei dagokienez, berriz, Osasun Sailak jakinarazi du atzo 48 lagun ospitaleratu zituztela Osakidetzaren mendeko erietxeetan; egun 194 herritar daude ospitaleratuta. Zainketa berezia behar dutenak edo ZIUn dauden pertsonak, ostera, 60 dira, azken egunetako kopururik baxuena. Nafarroan, berriz, zazpi lagun ospitaleratu zituzten erietxeetan, eta egun 68 dira ospitalean gaixo dauden herritarrak. ZIUn, aldiz, 23 pertsona daude ospitaleratuta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide