Udako eten luzearen ondoren, Orioko eta Aiako hezkuntza zentroetako ikasleek hasi dute 2021-2022 ikasturtea. Zaragueta Herri Eskolan, Orioko Herri Ikastolan eta Aiako Lardizabal Herri Eskolan gaur hasi dira martxan. Eguneroko bizitzara itzuli beharrak erreakzio desberdinak sortu ditu ikasleengan: haurrak barrez, negarrez eta jolasean ibili dira lehen ordutik; gaztetxoen artean, urduritasuna, nagikeria eta irrika izan dira nagusi. Zenbaitek lo aurpegiarekin ere egin du ikastetxerainoko bidea.
Bi herritako haur eskoletan astelehenean hasi zuten ikasturte berria, eta HHko ikasleak bezala, egokitzapen prozesuan egingo dituzte hurrengo asteak.