Eremu berdera pasatu da Orio

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 3a, 13:45

Orion eta Aian ez da positiborik izan azken orduetan. Azken asteko zifrak onak izan dira bi herrietan, eta biek intzidentzia tasa baxuak dituzte gaur gaurkoz. Eskualdean hamabi kasu positibo zenbatu dira denera.

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Egoera epidemiologikoaren berri ematen duen txostenaren arabera, Aian eta Orion ez da positiborik izan azken orduetan. Bigarren herria, gainera, eremu berdera pasatu da gaur.

Urola Kosta eskualdean hamabi kasu positibo izan dira azken orduetan, duela astebete baino hiru gutxiago: sei Azkoitian, hiru Zumaian, bi Zestoan eta bat Zarautzen. Azkeneko datuekin, Azkoitian eta Zestoan gora egin dute kasu metatuen tasek; hain zuzen, 200,84tik 242,01era Azkoitian eta 359,53tik 410,89ra Zestoan. Eskualdeko herri gehienetan, ordea, beheranzko joeran jarraitzen dute intzidentzia tasek, edo berdin mantendu dira. Tasa 262,81etik 216,82ra jaitsi da Azpeitian; 353,36tik 282,69ra Getarian; 65,23tik 48,92ra Orion; 149,91tik 145,63ra Zarautzen eta 234,05etik 213,70era Zumaian. Horiz jarraitzen dute Azkoitiak, Azpeitiak, Zarautzek eta Zumaiak.

Hego Euskal Herrian 345 kasu positibo baieztatu dituzte azken orduetan: 191 Bizkaian, 112 Gipuzkoan, 111 Nafarroan, 37 Araban eta sei lau lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Astebete lehenago, abuztuaren 26an, 633 izan ziren Hego Euskal Herrian atzemandako kasu berriak.

Atzoko probetan %6,1ekoa izan zen positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%6,7koa bezperan). Nafarroan, berriz, positibotasun tasa %7,4tik %8ra igo zen atzo.

COVID-19ak jota Osakidetzan ospitaleratutako pertsonen kopuruak, baina, gora egin zuen atzokoan: 198 ziren asteazkenean, eta 207 egun bat beranduago. Ospitaleratze berriak ere hazi egin ziren, 40 izan baitziren atzo, asteazkenean baino hiru gehiago. Dena den, ZIUetan dauden gaixoen kopurua zertxobait jaitsi zen, 73tik 71ra.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide