Beste egun batez, ez da positibo berririk izan ez Aian ez Orion

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 1a, 13:08

Orion 100eko langatik jaitsi da intzidentzia tasa, baina eremu horian jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du koronabirusaren herriz herriko bilakaeraren berri ematen duen txostena, eta dokumentuaren arabera, azken orduetan ez dute kasu berririk atzeman ez Aian ez Orion. Astelehenean egindako probetan ere ez zen emaitza positiborik izan bi herrietan. Eremu horian jarraitzen du Oriok, baina apurka-apurka beherantz doa kasu metatuen tasa: 100eko langatik jaitsi da azkeneko datuekin, eta 97,85ean dago une honetan.

Urola Kosta eskualdean, guztira, bederatzi positibo atzeman dituzte azken orduetan. Bederatzi horietatik lau kasu Azpeitian zenbatu dituzte, eta, ondorioz, apur bat gora egin du intzidentzia tasak, 243,10era. Hala ere, eremu horian jarraitzen du Azpeitiak, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako gainontzeko herriek bezala. Azkoitian mantendu egin da intzidentzia tasa; 191,94koa da, eta positibo bakarra zenbatu zuten herri horretan atzo.

Gainontzeko kasuak Zumaian (hiru) eta Zestoan (bat) zenbatu zituzten. Gainontzeko herrietan ez zuten positibo berririk atzeman atzo, eta 5.000 biztanletik gorako gainontzeko herrietan behera egin du intzidentzia tasak. Orion bezala, tasak behera egiten jarraitzen du Zarautzen (158,48) eta Zumaian (244,23) ere.

Intzidentzia tasa, beheraka

Txostenak jasotzen dituen adierazle ia guztiek hobera egin dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, esaterako, beste hamalau puntu egin du behera azken orduetan, eta 312,81koa da egun.  Atzo, asteartea, 571 positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian Osasun Sailak eta Osasunbideak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.041 proba egin zituzten, eta guztira, 432 positibo hauteman zituzten. Positibotasun tasa %6,1ekoa da lurralde horietan, atzo baino apur bat handiagoa. Nafarroan, aldiz, 1.427 proba egin zituzten atzo, eta 139 positibo detektatu; positibotasun tasa bikoiztu egin da han atzotik, %4,8koa baitzen atzo, eta %9,7koa gaurko datuen arabera.

Ospitaleen egoeren berri ere eman dute bi osasun sailek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 48 gaixo ospitaleratu zituzten, eta egun 212 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan; ZIUetan, aldiz, 71 lagun daude. Nafarroan, ostera, lagun bat ospitaleratu zuten atzo, eta gaur 80 pertsona daude erietxean. 25 dira zainketa berezien unitatean dauden herritarrak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide