Kasu positibo bat baieztatu dute Aian

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 26a, 13:30

Orion ez da kutsatzerik izan azken orduetan; eremu horian jarraitzen du, 228,31ko tasarekin.

Asteazkenean egindako PCR eta antigeno proben emaitzen berri eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Horien arabera, beste hamabost kasu positibo eman ziren atzo Urola Kostan; asteartean izandako kasuekin alderatuta sei kasu gutxiago dira, eta horietatik ia herena, lau positibo, Zumaian eman dira. Kasuen igoera horrek ez du eraginik izan herriaren 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasan; 356,16ko tasa du Zumaiak, eta eremu laranjan jarraitzen du. 

Azkoitian eta Zestoan eman ziren atzo, Zumaiaren atzetik, kasu gehien: hiruna positibo zenbatu zituzten bi herri hauetan. Tasa metatua Azkoitian 158,56koa da, eta eremu horian jarraitzen du. Zestoan, berriz, 564,97ko intzidentzia tasa dute. Azpeitian bi kasu positibo atzeman zituzten atzo –315,37ko tasa du herriak, eta eremu laranjan dago–, eta kasu bana Aian, Aizarnazabalen eta Zarautzen. Beizaman, Errezilen, Getarian eta Orion ez zuten positiborik aurkitu atzoko probetan.

Hego Euskal Herriari dagokionez, 633 positibo zenbatu zituzten atzo. Bezperan baino 103 kasu gutxiago dira. Araban 73 kasu detektatu zituzten atzo, 289 Bizkaian, 163 Gipuzkoan eta 94 Nafarroan. Lau lurralde hauetatik kanpoko beste hamalau lagunek ere positibo eman zuten atzoko probetan.

Ospitaleratuei dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 229 lagun zeuden atzo ospitaleratuta; beste 76 lagun –bezperan baino bi gutxiago– zeuden Osakidetzako erietxeetako Zaintza Intentsibotako Unitateetan. Nafarroan, berriz, 94 pertsona zeuden ospitaleratuta, horietako 27 ZIUn.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide