Beste kasu positibo bat zenbatu dute Orion azken orduetan

Julene Frantzesena 2021ko abu. 12a, 13:06

Kasu bat zenbatu dute Orion, eta bat bera ere ez Aian. Beheranzko joerari eusten dio Orioko intzidentzia tasak; 391,39tik 358,77 jaitsi da Osasun Sailak emandako azken datuekin. 

Koronabirus kasuen zabalkundeak ez du etenik, eta eskualdea ere ez da salbuespena izan. Dena den, Orioko datuek apaltzera egin dute; izan ere, atzo kasu bakar bat hauteman zuten, eta beheranzko joerari eusten dio intzidentzia tasak: 30 puntutik gora jaitsi da, 391,39tik 358,77ra, hain zuzen ere. Aian, berriz, ez dute kasurik hauteman.

Urola Kostako 5.000 biztanletik gorako herrien artean, eremu gorrian ez dagoen herri bakarra da Orio. Eskualdean, guztira, 23 positibo zenbatu zituen Osasun Sailak, herenegun baino zortzi gutxiago. Kasu gehienak Zarautzen detektatu zituzten atzokoan: zazpi. Gainerakoan, honako hauek dira herrikako datuak: Azpeitian, bost kasu; Zumaian, lau kasu; Azkoitian, hiru kasu; eta kasu bana Aian, Getarian eta Zestoan.

Azkoitiko intzidentzia tasa ere asko ari da jaisten (425,6 da egun). Herri horien artean, Azpeitiak du eskualdeko tasarik altuena gaur-gaurkoz (827,86), baina atzotik behera egin du zenbateko horrek ere.

Ospitaleetako egoerak hobera

Atzo 9.251 PCR eta antigeno proba gauzatu zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak Hego Euskal Herrian, eta proba horietan 1.171 lagunek eman zuten positibo –916k lagunek herenegun–. Zehazki, 927 kasu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzeman zituzten, eta 244 Nafarroan. Datu horiek tarteko, positibotasun tasa %12,5 da gaur-gaurkoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %13,4 Nafarroan.

Lurraldez lurralde, Bizkaian detektatu dituzte kasu gehien: 482. Gainerako lurraldeetan, berriz, honako hauek izan dira datuak: Gipuzkoan 250; Nafarroan 244; Araban, 175; eta lurralde horietatik kanpo bizi diren hogei lagunek ere eman dute positibo azken orduetan.

Ospitaleetako egoerak zertxobait hobera egin du, dena den. Atzo 59 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta herenegun baino hamahiru lagun gutxiago daude jada lurralde horietako erietxeetan: 269, guztira. ZIUetan ere herenegun baino hiru lagun gutxiago daude; 64 pertsona, hain zuzen. Nafarroako ospitaleetako egoerak herenegungo berbera izaten segitzen du: 93 lagun daude erietxeetan, horietatik 23 ZIUn.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide