Eremu laranjara igaro da Orio

Maria Maya Manterola 2021ko abu. 11a, 13:24

Ez Aian, ez Orion, ez dute koronabirus kasu berririk atzeman azken orduetan, eta Orioko intzidentzia tasa jaitsi egin da 400etik; 391,39koa da gaur-gaurkoz. Orio da eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrien artean eremu gorrian ez dagoen bakarra.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu du dagoeneko herriz herriko egoeraren berri dakarren txostena, eta emandako datuen arabera, 31 kasu hauteman dituzte azken orduetan Urola Kostako herrietan. Herenegun zenbatutako kasuen ia bikoitza da hori, hamasei positibo izan baitziren astelehenean bailarako herrietan. Batik bat, herri handietan zenbatu dute kasu gehien: Azpeitian hamabi izan dira detektatutako kasuak, eta 5.000 biztanletik gorako herrien artean, intzidentzia tasak gora egin duen herri bakarra da. Hain justu ere, 841ekoa zen intzidentzia tasa atzo, eta 867,28koa da gaur. Zortzi kasu detektatu zituzten, bestalde, Zarautzen, eta sei Zumaian.  

Aldiz, beste muturrean da Orio. Ez dute kasu berririk zenbatu herrian, eta egunez egun beheranzko joerari eusten dio intzidentzia tasak; gaur gaurkoz, 391,39ko tasa dauka, eta eremu gorritik laranjara igaro da. Herri txikietan, berriz, ez dute gorabehera handirik izan: Getarian bi kasu zenbatu dituzte, eta bat Errezilen. Ez da kasu berririk izan Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Orion eta Zestoan. 

Ospitaleetan egoera berdin

Hego Euskal Herrian, guztira, 9.706 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 916k izan zuten emaitza positiboa. Lurraldez lurralde, Bizkaian zenbatu zuten kasurik gehien (393), eta gero, Nafarroan (229), Gipuzkoan (193) eta Araban (87). Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste hamalau kasu hauteman zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Positibotasun tasak bere horretan jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –%9,1koa da–, eta atzotik puntu bat behera egin du Nafarroan –%11,7tik %10,7ra, hain zuzen ere–. 

Ospitaleratzeei dagokienez, gaur gaurkoz 282 lagun daude izurriteak jota Osakidetzaren mendeko erietxeetan, atzo baino hiru gehiago. Zaintza Intentsiboen Unitateetan, berriz, 67 lagun daude, atzo baino bi gutxiago.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide