Koronabirus kasu positibo bat zenbatu dute Orion

Julene Frantzesena 2021ko abu. 10a, 13:15

Nabarmen egin dute behera eskualdeko koronabirus kasuek. Hego Euskal Herriko positibotasun tasak ere behera egin du, baina ospitaleetako egoera ez da hobetu.

COVID-19aren zabalkundeak ez du etenik, eta horren isla da Orio ere. Dena den, nabarmen egin du behera atzo atzemandako positiboen kopuruak; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, kasu positibo bakar bat zenbatu dute azken orduetan. Aian, berriz, ez dute kasu berririk zenbatu.

Hamasei positibo zenbatu zituzten, bestalde,  eskualdeko 11 herrietan, duela astebete baino askoz gutxiago –34 atzeman zituzten orduan–. Horietatik zortzi Azpeitian zenbatu zituzten, lau Zarautzen eta bana Azkoitian, Getarian nahiz Zumaian.

Positiboak agertu izanagatik, Urola Kostako herri guztietan apaltzera egin dute datuek, baina Azpeitian, esaterako, azken egunetan gora egin du PCR eta antigeno frogetan positibo eman duten herritarren kopuruak: atzo zortzi positibo detektatu zituzten, eta 841, da 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa –duela astebete 800eko langa pasatu gabe zegoen zenbateko hori–. 5.000 biztanletik gorako eskualdeko gainerako herriek eremu gorrian jarraitzen dute, nahiz eta nabarmen ari den horietan behera egiten.

Positibotasun tasa beheraka

Hego Euskal Herrian ere ez du etenik COVID-19aren hedapenak, baina datuak zertxobait hobetzen ari dira. Atzoko datuei erreparatuz gero, lau lurraldeetan 879 positibo zenbatu zituzten: Bizkaian, 393; Gipuzkoan, 193; Nafarroan, 192; Araban, 87; eta lurralde horietatik kanpo bizi diren hamalau lagunek ere eman zuten positibo Osakidetzak eta egindako probetan.

Datu horiek tarteko, behera egin du Hego Euskal Herriko positibotasun tasak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.571 froga egin eta 687 positibo atzeman dituzte; beraz, %9,1 da positibotasun tasa. Nafarroan, berriz, 1.645 lagunek egin zuten froga atzo, eta horietatik 192k eman zuten positibo (%11,7 da hango positibotasun tasa).

Dena den, ospitaleetako egoerak ez du hobera egin azken orduetan. Osakidetzak emandako datuen arabera, 279 lagun daude ospitaleratuta egun, herenegun baino sei gutxiago, baina igo egin da ZIUn dauden pertsonen kopurua: herenegun 66 lagun zeuden unitate horretan ospitaleratuta, eta gaur 69. Nafarroan, berriz, 97 lagun daude erietxeetan, horietatik 22 ZIUn.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide