Azken egunetan bi positibo berri zenbatu dituzte Orion

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 9a, 13:29

Ez dute positibo berririk zenbatu Aian asteburuan. Orion bi kasu berri atzeman zituzten ostiralean, eta bat bera ere ez larunbatean eta atzo. Aurreko astetik behera egin du Orioko intzidentzia tasak, baina eremu gorrian jarraitzen du; 554,47an dago orain. 

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, aurreko asteburuan baino hamalau kasu gehiago zenbatu dituzte Urola Kostan azken hiru egunetan. Dena den, herriz herriko datuei erreparatuta, Azpeitian atzemandako kasuek eragiten dute igoera hori. Herri horretan, izan ere, 38 positibo berri zenbatu dituzte azken hiru egunetan (aurreko asteburuan zenbatutakoen hirukoitza). Horren eraginez, gora egin du herri horretako intzidentzia tasak, eta 893,56an dago egun. 

Gainontzeko herrietan apalagoak izan dira datuak, eta 5.000 biztanletik gorako herrietako intzidentzia tasek baxuagoak dira duela astebetekoekin alderatuta. Dena den, ostiraletik igo egin da tasa Zumaian. Hamazazpi kasu berri atzeman dituzte herri horretan ostiraletik igandera bitartean, duela astebete baino zazpi gehiago. Aurreko astean are larriagoa zen kostaldeko herriaren egoera, baina ostiraletik gora egin du apur bat intzidentzia tasak, eta orain 875,14an dago.  Ekialderago, Zarautzen, hemezortzi kasu baieztatu dituzte asteburuan denera, (aurreko asteburuan 21 atzeman zituzten), eta apurka-apurka, beheraka doa herri horretako intzidentzia tasa. Beste apur bat jaitsita, 646,76an dago orain. Azkoitian, berriz, zortzi kasu zenbatu dituzte asteburuan. Aurreko asteburuan 11 izan ziren zenbatutako kasuak, eta herri horretan ere beheranzko joera du intzidentzia tasak; gaur 542,44koa da. Orion ere hobera egin dute datuek, eta azken hiru egunetan bi positibo soilik zenbatu dituzte; han ere behera egin du intzidentzia tasak, eta 554,47koa da orain.

Gainontzeko herriei dagokienean, bi kasu hauteman dituzte asteburuan Zestoan, eta bana Beizaman eta Errezilen. Getarian, Aian eta Aizarnazabalen ez dute positibo berririk zenbatu azken egunetan. 

Mila positibotik behera

Hego Euskal Herriko lau lurraldeei erreparatuta, 6.756 PCR eta antigeno test egin zituen guztira atzo, igandea, Osakidetzak eta Osasunbideak; horietatik, 773 izan ziren emaitza positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, (513), eta ondoren, Gipuzkoan (249), Nafarroan (191), eta Araban (94). Oraindik ere positibotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du: %10,9 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %13,3 Nafarroan.

Ospitaleei dagokienez, 285 eri daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 66 dira ZIUetan daudenak. Zainketa bereziak behar dituzten pertsonen kopurua igo egin da aurreko astetik (60 ziren aurreko astean), baina ospitaleratuen kopurua jaitsi egin da, aurreko astean 299 baitziren. Nafarroan, berriz, 108 pertsona daude ospitaleratuta, eta 20 dira ZIUetan daudenak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide