51 positibo horietatik 46 lau herriren artean banatuta ageri dira. Azpeitian goitik dabiltz positiboak azken egunetan, eta atzo han zenbatu zuten eskualdeko kopuru handiena, hamalau; hala ere, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak behera egin du pixka bat Azpeitian herenegundik, eta 827,86an dago gaur-gaurkoz. Zarautzen ere egunean hamarretik gora positibo zenbatzen jarraitzen dute. Atzo hamahiru azaleratu ziren eskualdeko herririk populatuenean, baina han ere behera egin du intzidentzia tasa metatuak, 676,75en kokatzeko. Zumaian, berriz, azken zazpi egunetako positibo kopuru handiena atzeman zuten atzo, hamabi; 5.000 biztanletik gorako herrien artean eskualdeko intzidentzia tasa handiena (864,96) izaten jarraitzen dute Zumaian, herenegundik zertxobait jaitsi arren. Eskualdeko herri handienen artean Azkoitian detektatu zituzten atzo positibo gutxien, hiru, eta beste koska bat behera egin du herri horretan intzidentzia tasak, 600eko mugatik jaitsiz (584,16).
Zestoan, aldiz, milako langa (1.001,54) gainditu du intzidentzia metatuak atzo atzemandako zazpi positiboen ondoren. Getarian positibo bat izan zen, eta Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen bat ere ere.
Hego Euskal Herriko egoera
Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, positibo berrien kopuruak behera egin du azken orduetan. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, guztira 10.538 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau herrialdeetan, eta 1.319 positibo azaleratu zituzten horiek: 108 Araban, 591 Bizkaian, 327 Gipuzkoan, 271 Nafarroan, eta beste 22 lurralde horietatik kanpo erroldatutako pertsonen artean. Horrenbestez, %12tik gora mantentzen da positibotasun tasa.
Oraindik kopuru handietan bada ere, positiboen igoera gelditzen ari da azken egunetan. Ospitaleetan, ordea, momentuz ez dute egonkortzerik nabarmendu. Osakidetzaren sarean 54 lagun ospitaleratu zituzten atzo; guztira 325 gaixo zeuden atzo ospitaleratuta Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian COVID-19a dela eta, horietatik 66 (bezperan baino bost gehiago) ZIUetan. Nafarroan, pertsona bat hil da azken orduetan COVID-19ak jota. Hamasei ospitaleratze berri izan ziren atzo Nafarroako erietxeetan; 101 gaixo daude guztira ingresatuta, horietatik 21 ZIUetan.