Euskal presoen aldeko bi martxa egingo dira asteburuan

Onintza Lete Arrieta 2021ko uzt. 29a, 09:00

Ibilian-ibilian, etxerako bidean lelo hartuta, Sarek eta Etxeratek ekitaldi bana antolatu dute larunbat eta igande honetarako. Larunbatean, Oriotik Getariara oinez joatea da asmoa, han 11:30ean hasiko den ekitaldian parte hartzeko. Igandean, berriz, hondartzetako urteroko hitzordua izango da, tartean Orioko hondartzan.

Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuan bultzada ematea helburu hartuta, eskualde mailako ekitaldiak egingo dituzte larunbat eta igande honetan Sare eta Etxerat euskal presoen aldeko mugimenduek.

Batetik, kostako herriak lotuko dituzte larunbat goizean Ibilian-ibilian, etxerako bidean lelo hartuta, eta Getarian elkartuko dira Orio aldetik nahiz Zumaia aldetik joandako herritarrak.

Orion 09:00etan elkartuko dira plazan, eta Txurrukatik barrena iritsiko dira Zarauzko malekoira. Han, Borgetto parean elkartuko dira zarauztarrekin, 09:45ean, eta elkarrekin oinez egingo dute Getariarako bidea, N-634 errepide ondotik.

Zumaian 10:00etan elkartuko dira herritarrak Beheko Plazan, eta haiek ere oinez egingo dute Getariara arteko bidea.

Ekitaldi nagusia Getariako Bista Onan izango da, 11:30ean.

Oinez ez ezik, itsasoz iritsiko denik ere izango da, Oriotik traineru bat aterako delako 09:30ean portutik.

Azkenik, zestoarrek jakinarazi dute 09:15ean Gurutzean elkartuko direla, kotxeetan joateko kostako ekitaldira.

Hondartzetan, igandean

Hurrengo egunean, igandean, urteroko hondartzetako hitzordua izango dute zain herritarrek. Etxeratek Euskal Herriko hainbat hondartzatan egingo du euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko aldarria, eta eskualdeari dagokionez, Orioko eta Zarauzko hondartzetara gerturatu beharko dute helburuarekin bat egiten duten herritarrek.

12:00etan egingo dute bilkura bi hondartza horietan.

Igandeko ekitaldi horrekin amaituko da azken asteetarako bi mugimenduek prestatu dituzten ekintzak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide