Estropada zoragarria jokatu dute Euskotren ligako traineruek Lekeition. Borroka ikaragarria izan dute haien artean Oriok, Donostiarrak eta Arraun Lagunak-ek, eta azken segundoetan hartutako olatuei esker gailendu da Donostiarra.
Atzo bezala, Donostiarrak egin du lehen luze onena, baina itzulerakoan, Orio eta Arraun Lagunak joan dira estropada buruan, olatuak txandaka hartu eta elkarri branka sartuz.
Bukaera aldera, bandera Orio eta Arraun Lagunak-en artean erabakiko zela zirudienean, Donostiarrak atzetik aurrera egin du olatuak aprobetxatuz, eta irabaztea lortu du. Orio bigarren izan da ozta-ozta, hirugarren Arraun Lagunak eta laugarren Hondarribia.
Oihane Iraola Orio AEko arraunlariak estropada haientzat "ona" izan dela adierazi du, lehorrean egindako adierazpenetan: "Laugarren kaleko baldintzak ez dira oso aldekoak izan, baina banderarik lortu ez arren, kontentu gaude egin dugun lanarekin".
Ligaren sailkapenari dagokionez, Arraun Lagunak eta Orio berdinduta daude lidertzan, 25 punturekin.
Sailkapena:
Donostiarra 10:55,36
Orio 10:56,54
Arraun Lagunak 10:57,26
Hondarribia 11:04,40
Ligaren sailkapena:
Arraun Lagunak 25 puntu
Orio 25 puntu
Donostiarra 17 puntu
Hondarribia 13 puntu