Jarduera guztien itxiera ordubete aurreratzea erabaki du Labik

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 22a, 20:30

Urkullu lehendakaria eta Sagardui sailburua. (Argazkia: Irekia)

Maskara "derrigorrezkoa" izango da joan-etorri handiko eta 1,5 metroko tartea gorde ezin den lekuetan. Ostalaritzan eta dendetan edukiera mugatzea ere erabaki du Labi batzordeak. 682,64koa da egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa. Etxeratze agindua ezartzeko, auzitegieta jotzeko bidea ez du baztertu Urkulluk.

Gaur, osteguna, arratsaldean bildu da Labi aholku batzordea lehendakaritzan. Azken asteetan COVID-19ak eragindako kasu positiboek gora egin ondoren, Jaurlaritzaren dekretu berriak lau puntu jaso ditu pandemia eteteko. Labik erabaki du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Biziberri IV planaren hirugarren mailan kokatzea. Hori horrela, merkataritza, gizarte eta kultur jarduera guztien itxiera ordubete aurreratu beharko da. Bihartik aurrera 01:00etarako itxi beharko dira gune guztiak.

Labik, gainera, edukiera are gehiago mugatzea erabaki du ostalaritzan eta saltokietan. Hala, baimendutako gehieneko edukiera %35era murriztuko dute lokal eta instalazio guztietan. Aurrez programatutako kirol, kultur, ekonomia eta gizarte aktibitateei, ordea, ez die eragingo edukieraren neurriak.

Bestelako aktibitateak antolatzen diren guneetan ere edukiera mugak zehaztu ditu Labik. 1.600 pertsonentzako edukiera duten guneetan, 400 lagun elkartu ahalko dira barrualdean, eta 600 kanpoaldean. 1.600 eta 5.000 bitarteko edukiera duten guneetan, berriz, 600 lagun hartuko ahalko dira gehienez barruan, eta 800 kanpoan. 5.000 pertsona baino gehiago har ditzaketen guneetan, ostera, edukieraren %20a onartuko dute gehienez. 

Maskararen "derrigortasuna"

Zenbait puntutan maskara janzteko "derrigortasuna" izan da Labik dekretuan jaso duen beste puntuetako bat. Urkulluk adierazi duenez, joan-etorri handiko hiriguneetan eta pertsonen artean 1,5 metroko distantzia errespetatu ezin denean, "nahitaezkoa" izango da maskara janztea. Espainiako Gobernuak dekretu bidez jaso zuen herenegun maskararen erabilera arautzen zuen puntua, baina Urkulluk esan du Labiren erabakiak "indartu" egiten duela Espainiako dekretuak ezartzen duena. "Espainiako errege dekretuak ere aurreikusten du derrigortasuna, baina ez du zehazten beti izan beharko lukeen edo ez. Horrek interpretaziorako aukerak ematen zituen, eta guk horiek ekidite aldera planteatu dugu derrigortasuna".

Lehendakariak gogoratu du maskara derrigorrez erabili behar dela merkataritza eta ostalaritza guneetan, bai barruan eta bai terrazan. Aldiz, maskararen erabilera ez da nahitaezkoa izango ondorengo kasu hauetan: kirola aire zabalean egitean, pertsonen joan-etorriak ez dauden hiriguneetan, igerilekuetan, profesional edo semiprofesional mailako taldeen entrenamenduetan nahiz lehiaketetan, eta azkenik, kanpoaldean egiten den esfortzu handiko kiroletan. Era berean, igerilekuetan eta hondartzetan ere ez da nahitaez jantzi beharko maskara, beti ere leku jakin batean geldirik eta segurtasun distantzia errespetatzen bada. Halere, azken bi gune horietan egiten diren paseoetan eta desplazamenduetan maskara jantzi beharko da. Garraio publikoan ere maskara "derrigorrezkoa" dela gogoratu du lehendakariak.

Erantzukizunerako deia

Osasun erantzukizunerako ardura eskatu die Urkulluk herritarrei. Azken dekretuan jaso dute positiboak diren pertsonek edota positibo baten kontaktu zuzenek arakatzaileekin kolaboratzeko betebeharra. 'Deialdi zibikoa' izeneko laugarren artikulu bat ere gehitu dute dekretuan. "Autoerantzukizunean oinarrituta", mugikortasuna 01:00etatik 06:00etara bitartean mugatzeko, gehienez sei laguneko taldeetan elkartzeko eta lehen sintomak agertzean autokonfinatzeko zein Osakidetzarekin harremanetan jartzeko eskatu die lehendakariak herritarrei. 

Dekretua bihar, ostirala, argitaratuko da, eta orduan sartuko da indarrean. Urkulluk jakinarazi du ez dutela Labi batzordea berriz egiteko epe zehatzik jarri, eta adierazi du egunez egun aztertuko dutela osasun egoera zein den. Era berean, gaueko etxerate agindua ezarri ahal izateko epaitegietara jotzea ere ez du baztertu Urkulluk, eta adierazi du "aztertzen" ari direla gaia.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide