Bederatzi positibo baieztatu ditu Osasun Sailak Orion azken hiru egunetan

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 19a, 14:16

Asteburuko emaitzak kontuan hartuta, gorrian jarraitzen du Oriok. Aian, ordea, ez dute positiborik atzeman asteburuan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak ere gora egin du, eta 548,34an kokatu da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohi baino beranduago kaleratu du gaur herriz herri atzemandako kasu positiboak jakinarazten dituen txostena. Dokumentuaren arabera, ostiraletik atzora bitartean egindako probetan bederatzi positibo hauteman dituzte Orion –sei ostiralean, bat larunbatean eta bi atzo–. 505,54koa da Orioko intzidentzia tasa, eta eremu gorrian jarraitzen du. Aian, aldiz, ez dute positiborik baieztatu azken hiru egunetan.

Urola Kosta eskualdean guztira 109 positibo atzeman dituzte asteburuan –92 izan ziren aurreko astean–. 5.000 biztanletik gorako herrien artean Azpeitia da eremu gorrian ez dagoen bakarra. Orioz gain, Azkoitiak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak dute 500eko intzidentzia tasa baino altuagoa.

Zarautzen zenbatu dituzte positibo gehien asteburuan: 32, guztira –zortzi ostiralean, hamar larunbatean eta hamalau atzo–. Intzidentzia tasa 621,06ra igo da han. Azkoitian, berriz, 29 positibo detektatu dituzte –11 ostiralean, hamar larunbatean eta zortzi atzo–. Egun 934,66ko intzidentzia tasa dute han. Zumaian, ostera, hogei kasu zenbatu dituzte –bost ostiralean, sei larunbatean eta bederatzi atzo–, 1.190,60koa da intzidentzia tasa.

Azpeitian, berriz, 11 positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan –bost ostiralean, bi larunbatean eta lau atzo–. Eremu horian sartu dira berriro han, intzidentzia tasa 289,09koa baita. Zestoan, ostera, launa positibo zenbatu dituzte ostiraletik atzora bitartean. Getarian bi positibo baieztatu zituzten ostiralean eta bana larunbatean eta igandean; 424,03ko tasa dute han. Zestoan, aldiz, kasu bat atzeman zuten ostiralean eta hiru atzo. 308,17koa da Zestoako intzidentzia tasa.

Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute positiborik zenbatu azken egunetan. Beizama izan ezik, beste hiru herriak eremu horian edo laranjan daude egun. Aiako intzidentzia tasa 352,64koa da, Aizarnazabalgoa 260,08koa eta Errezilgoa 322,06koa.

Larunbatean baino gehiago

Hego Euskal Herrian atzo, guztira, 1.409 positibo zenbatu zituzten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1.010 kasu baieztatu zituzten 7.927 PCR eta antigeno test egin ondoren. Hori horrela, hiru lurralde horietako positibotasun tasa %12,7an kokatu zen atzo. Lurraldeka, 479 lagunek eman zuten positibo Bizkaian, 398k Gipuzkoan, eta 112k Araban. Hala eta guztiz ere hiru lurralde horietatik kanpoko 21 pertsonak ere positibo eman zuten testetan. Nafarroan, bestalde, 399 positibo zenbatu zituzten atzo. Guztira, 2.452 proba egin zituzten han, eta beraz, positibotasun tasa %16,3koa izan zen atzo. 

Osakidetzak ospitaleen egoeraren berri ere eman du. Atzo 36 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zainketa berezia behar dutenak edo ZIUn daudenak, berriz, 42 dira egun. Nafarroan, berriz, zazpi lagun ospitaleratu zituzten atzo, horietatik bakarra ZIUn. Egun 61 pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan, eta beste hamabi ZIUn.

Oinarrizko birsorkuntza tasak beherako bidea hasi du berriz ere. 1,30ekoa da egungo datua, duela sei eguneko berbera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, berriz, 548,34koa da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide