Atzotik hona gora egin du Urola Kostan atzemandako kasu positiboen kopuruak. Hala azaldu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratutako azkeneko txostenak: 23 kasu baieztatu dituzte eskualdean; horietako bat Orion, eta 97,85tik 114,16ra igo da tasa. Aian, berriz, ez dute positiborik hauteman azken asteetan
Orioko positiboaz gain, zortzi izan dira Zumaian, zazpi Azkoitian, lau Zarautzen, bi Azpeitian, eta bat Zestoan.
Aurreko bi egunetan zenbatutako kasuak zertxobait gutxiago izan baziren ere, atzo egindako PCR eta antigeno probetan zortzi lagunek eman dute positibo Zumaian. Intzidentzia tasak, beraz, berriz egin du gora herri horretan: 610,56an zegoen atzo eta 661,44an dago une honetan. Eskualdean tasarik altuena duen udalerria izaten jarraitzen du, eta gorrian dago oraindik.
Azken zazpi egunetan detektatutako kopururik altuena izan zen atzo Azkoitian, eta zazpi kasu berri horiek kontuan hartuta, 91,80ra igo da kasu metatuen tasa. Hala, eremu horian sartu da Azkoitia. Horian daude Azpeitia (249,67tik 243,10era jaitsi da tasa), Orio (97,85tik 114,16ra igo da tasa) eta Zarautz (218,44tik 235,58ra igo da tasa) ere. Atzotik hona, Zestoan ere gora egin du intzidentzia tasak, 128,4tik 154,08ra.
Aizarnazabalen (130,04), Beizaman (0), Errezilen (0) eta Getarian (0) ez dute kasu berririk izan azken orduetan.
Positibotasuna gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Atzo, uztailaren 6an, koronabirusa atzemateko 11.180 test egin zituzten Hego Euskal Herrian. Orotara 943 emaitza positibo izan dira (334 Nafarroan, 262 Bizkaian, 257 Gipuzkoan, 66 Araban eta 24 beste lurralde batzuetan), bezperan baino 32 gehiago. Atzo egindako probetako positibotasun tasak behera egin du Nafarroan, %17,9tik %15,2ra. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, igo egin da positibotasun tasa, %4,8tik %6,8ra.
Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, dena den, hobera egin du egoerak atzotik. COVID-19ak jotako 51 pertsona daude ospitaleratuta une honetan, atzo baino zazpi gutxiago, eta ZIUetan ere jaitsi egin da ospitaleratutako lagunen kopurua, 30etik 25era. Atzo hemeretzi ospitaleratze izan ziren Osakidetzan, bezperan baino hiru gutxiago.