Orion eta Aian ez da positiborik izan atzo egindako frogetan

Karkara 2021ko eka. 17a, 14:20

Eremu laranjatik horira pasatu da Orio, 130,46 tasarekin. Urola Kostan 5 kasu zenbatu dituzte guztira.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzte atzo, asteazkena, herriz herri egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Horien arabera, Orion eta Aian ez da positiborik izan. Hala, Orio eremu horian sartu da, eta herriak 130,46 tasa du gaur gaurkoz. Aian hutsa da tasa.

Urola Kostan, orotara, bost kasu positibo hauteman zituzten. Azpeitian zenbatu zuten kasu gehien; hiru, hain justu ere. Emaitza positiboak zenbatu dituzten beste herria Zumaia da; bi kasu zenbatu dituzte han. Intzidentzia tasek zertxobait gora egin dute herri horietan: 256,24koa da Azpeitian, eta 234,05ekoa Zumaian –243,10eko eta 223,87ko tasak zituzten atzo, hurrenez hurren–.  

Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu positiborik hauteman. Azkoitia eremu gorritik atera zen atzo, eta beherantz jarraitzen du tasak: 317,12ko tasa dute gaur-gaurkoz, eta eremu laranjan dago herri hori. Zarautzen dute 5.000 biztanletik gorako herrien artean egoera onena, 51,50ko tasarekin, eremu berdean dago. Aizarnazabalen –260,08– eta Getarian –141,34– eta Zestoan –26,68– atzoko tasa bera mantentzen dute. Egoerarik onena Aian eta Beizaman dute, hutsean mantentzen baitute intzidentzia tasa. 

Ospitaleetako egoerak, hobera

Hego Euskal Herrian 9.141 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 236 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian hauteman zuten kasurik gehien (115), eta ondoren, Nafarroan (46), Gipuzkoan (38) eta Araban (28). Positibotasun tasa % 2,5ekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; % 3,2koa Nafarroan. 

Ospitaleetako egoerak hobera egiten jarraitzen du. Herenegun 138 gaixo zeuden Osakidetzaren mendeko erietxeetan izurritearen eraginez, eta 122 ziren atzo. Horietatik 53 daude ZIUetan.

COVID-19ren aurkako neurriez hitz egiteko Labi batzordearen bilera deitua du biharko Iñigo Urkulluk. Neurriak arintzea aztertuko dute, eta bide hori hartuko balute, astelehenetik aurrera izango lirateke indarrean neurriok.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide