Azken astean hiru positibo atzeman dituzte Orion eta bat bera ere ez Aian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 11a, 13:51

Urola Kostan sei positibo atzeman dituzte azken orduetan, azken asteko kopururik txikiena.

Pixkanaka, baina hobetzen ari da COVID-19aren eragina Urola Kostan, zein Hego Euskal Herriko lurraldeetan. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berrien duen azken txostenaren arabera, sei positibo atzeman zituzten atzo eskualde osoan. Azken asteko kopururik txikiena da hori, eta bada aldea duela astebeteko datuekin, orduan hogei izan baitziren PCR eta antigeno probetan atzemandako kasu positiboak.

Orion eta Aian azken egunetan ez dute positibo berririk atzeman. Hala, 50,38ko intzidentzia tasa du Aiak eta 260,93koa Oriok. Azken honetan, pasa den astean atzeman zituzten ustezko hamar positiboak nabarmen markatzen dute intzidentzia tasa. Dena dela, hiru kasu berri bakarrik hauteman dituzte azken zazpi egunetan, eta bat bera ere ez azken hiru egunetan. Beraz, horrela jarraituz gero,  beheranzko joera hartu dezake intzidentzia tasak datorren astean.

Aian, bestalde, ez dute koronabirus kasu berririk atzeman azken astean, eta azken hiru asteetan egoera egonkorra da herrian. Hala, datuei erreparatuz gero, ikusi daiteke pasa den abuztuaren erdialdetik izandako egoera epidemiologikorik onena bizi dutela azken asteetan aiarrek.

Sei positibo Urola Kostan
Atzoko positiboen erdiak, hiru, Azkoitian azaleratu ziren. Azkoitia da eremu gorrian jarraitzen duen udalerri bakarra, Urola Kostan ez ezik, baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere; atzoko hirurekin, gainera, gora egin du han 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak, atzoko 517,40tik 458,98ra. Getarian, Zarautzen eta Zumaian positibo bana agertu zen atzo. Zarautzen (145,91) eta Zumaian (244,23) jaitsi egin da intzidentzia tasa; Getarian, aldiz, 176,68ra igo da.

Eskualdeko gainerako herrietan ez zuten positiborik izan atzo. Azpeitiak eremu laranjan jarraitzen du, baina 302,23ra jaitsi da han intzidentzia tasa. Gainerako herrietan bare dago egoera, positiboen agertzeari zein gaitzaren intzidentzia metatuari dagokionez –gainera, 5.000 biztanletik beherakoak ez dira semaforoen sisteman sartzen–: Aizarnazabalen 260,08ko tasa dute, Errezilen 161,03koa eta Zestoan 51,36koa. Beizaman, berriz, gorabeherarik gabe mantentzen dira, tasa hutsean dutela.

Hego Euskal Herrian, antzera
Urola Kostan bezalatsu, azken astebetean hobera egin du pandemiaren bilakaerak Hego Euskal Herrian, baina berdintsuak dira atzoko datuak, herenegungoekiko. 8.313 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan atzo, asteazkenean baino ia mila gutxiago, eta 285 positibo agertu ziren horietan, asteazkenean baino hiru gutxiago: Araban 40, Bizkaian 123, Gipuzkoan 60, Nafarroan 61 eta Hego Euskal Herritik kanpo erroldatutakoen artean beste bat. Positibotasuna zertxobait igo da, %3,1etik %3,4ra, baina OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean edukitzeko ezartzen duen %5etik behera mantentzen da.

Erietxeen egoerari dagokionez, Osakidetzaren sarean 36 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19aren eraginez, herenegun baino hamabi gehiago, beraz. ZIUetan, aldiz, behera egin du okupazioak: atzo 71 gaixo zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitale publikoetako Zaintza Intentsiboko Unitateetan, herenegun baino sei gutxiago. Denera, 187 pertsona zeuden atzo Osakidetzaren erietxeetan COVID-19ak jota.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide