Aian eta Orion ez dute positibo berririk atzeman

Andoni Elduaien 2021ko eka. 9a, 12:57

Eskualdean zazpi kasu zenbatu dituzte, eta horien ia erdiak Azkoitian. Hego Euskal Herrian 300 positiboren bueltan jarraitzen dute kasuek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, gainera, ia sei puntu egin du behera.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du COVID-19aren inguruko azken datuen txostena, eta dokumentuaren arabera, Urola Kosta eskualdean zazpi kasu positibo zenbatu zituzten atzo, astelehenean baieztatu zituztenak baino bost positibo gutxiago. Dena dela, Aian eta Orion ez dute kasu berririk atzeman, azken orduetan. Hala, Orioko intzidentzia tasa 293,54koa da eta eremu horian dago herria; Aian, berriz, 50,38koa da tasa eta eremu berdean dago.

Azkoitian hiru kasu zenbatu dituzte, eta intzidentzia tasak gora egin du berriz ere han; gaur-gaurkoz 517,40koa da tasa Azkoitian. Bi positibo hauteman dituzte Zarautzen eta bana Aizarnazabalen nahiz Zestoan. Zarautzen, hala eta guztiz ere, intzidentzia tasak behera egin du, eta 158,48an kokatu da zenbatekoa –eremu horian dago–. Aizarnazabalen, berriz, bikoiztu egin da tasa, eta 260,08an dago gaur. Zestoan ere igo egin da datua, eta 102,72koa da egun –eremu horian dago–.

Gainerako herrietan ez du positiborik detektatu Osasun Sailak. Azkoitiaren ondoren Azpeitiak du eskualdeko intzidentzia tasarik handiena 328,52ko tasarekin; eremu laranjan jarraitzen dute han. Zumaiako tasaa 254,40koa da –eremu horian dago–, Errezilgoa 161,03koa –eremu horian dago– eta Getariakoa 70,67koa –eremu horian dago–. Egoera onena duten herrien artean dago Beizama –tasa hutsean du–; eremu berdean dagoen eskualdeko herri bakarrak da, Aiarekin batera

300 positiboren bueltan

Atzo, Hego Euskal Herrian 9.625 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 306 positibo baieztatu zituzten; positibotasun tasa %3,1ekoa izan zen, beraz. Positiboak lurraldeka aztertuta, Bizkaian zenbatu zituzten kasu gehien: 155 positibo. Gipuzkoan, aldiz, 61 positibo atzeman zituzten, 52 Nafarroan eta 34 Araban. Horiez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean beste lau positibo hauteman zituzten.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ia sei puntu egin du behera atzoz geroztik, eta gaur 186,57koa da zenbatekoa. Gipuzkoako zenbatekoa, berriz, 190,99koa da gaur-gaurkoz.

Ospitaleen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Atzo 25 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzako erietxeetan. Egun 121 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik 80 ZIUn. Osasun Sailak, gainera, azken astean “COVID-19a dela eta” hil diren pertsona kopuruaren berri ere eman du; azken zazpi egunetan hamalau lagun hil direla jakinarazi du. Oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak ere behera egin du azken orduetan, 0,83an kokatuz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide