5 positibo detektatu dira Orion azken orduetan

IƱigo Gaiton 2021ko eka. 2a, 13:28

Orion azken egunetako positibo kopururik altuena detektatu dute, eta tasa 163,08ra igo da. Aian, aldiz, ez da kasu positiborik izan azken orduetan, eta hutsean dute tasa.

Eusko Jaurlaritzak duela minutu gutxi eguneratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txostena, eta horren arabera, bost positibo izan dira Orion. Izurriaren egoeraren hoberanzko joerak etena izan zuen lehengo astearen amaiera aldera, eta zenbakiak okerrera egiten hasi dira Orion ere. Herriaren intzidentzia tasa163,08ra igo da horren ondorioz. Aian, aldiz, ez da kasurik izan.

Urola Kostan 32 positibo izan dira guztira. Azkoitian 10 kasu positibo detektatu dira azken orduetan, eta hura izan da Urola Kostan positibo gehien izan den udalerria. Eremu gorrian jarraitzen du herriak, baina intzidentzia tasa zertxobait apaldu da; 484,02 izatetik 458,98ra jaitsi da, hain zuzen ere. Azpeitian zazpi izan dira zenbatutako kasuak, eta han intzidentziak gora egin du 335,09tik 354,80ra.

Zarautzen sei positibo detektatu dituzte, eta intzidentzia tasa 192,74tik  214,16ra igo da. Zumaian lau izan dira, eta han ere igo egin da intzidentzia tasa 111,94tik 152,64ra.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez da positiborik izan, eta intzidentzia tasa hutsean dute guztiek, Getariak (70,67) eta Zestoak (179,76) izan ezik.

424 positibo Hego Euskal Herrian

10.678 proba egin ziren atzo Hego Euskal Herrian, eta guztira 424 lagunek eman zuten positibo. Herenegun baino 13 gehiago izan dira. Araban 45 detektatu dituzte, Bizkaian 178, Gipuzkoan 110, eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lagunen artean 5.

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo koronabirusak jotako 45 pertsona ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan. Denera 164 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 89 ZIUetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide