Pandemiaren egoerak hobera egiten jarraitzen du Orion eta Aian. Aurreko asteko joerari eutsiz, grafikoak argi erakusten du azken zazpi egunetan intzidentzia tasek izan duten beheranzko joera. Izan ere, lehengo ostiraletik atzora bitartean egindako frogetan ez da positiborik izan Orion, eta izurriteak herrian izandako oldarraldia baretu baieztatzen dute datuek. Hala, 195,69 da tasa herrian gaur gaurkoz. Aiaren kasuan, igandean egindako frogetan positibo bat izan zen, baina gainontzeko egunetan ez dute bat ere detektatu. Hori dela eta, 201,51 da herriaren tasa momentu honetan.
Orioko eta Aiako egoerak hobera egiten jarraitzen duen arren, hoberanzko joera orokorra moteldu egin da Hego Euskal Herrian, eta hori igarri da eskualdeko datuetan: 31 positibo detektatu dituzte denera, eta herenegun 13 izan ziren. Azpeitian detektatu dituzte horien herenak: hamar kasu. Gainerakoak, honako herri hauetan: Azkoitian eta Zarautzen seina, Errezilen eta Zestoan hiruna, Zumaian bi eta Getarian bat.
Gipuzkoa osoan bi herri baino ez daude eremu gorrian, eta horietako bat da Azkoitia –Tolosa da bestea–. Eremu gorritik ezin irtenda jarraitzen dute herri horretan: 559,13 da hango tasa –400dik jaitsi behar da eremu gorritik ateratzeko–. Azpeitia, berriz, eremu horitik laranjara igaro da azken orduetako positiboak tarteko: 315,37 da hango intzidentzia tasa. 5.000 biztanletik gora gainerako eskualdeko herriak eremu horian dira, eta 5.000tik beherakoen artean Errezil da tasa altuena duena: 1.288,24 da hango tasa.
Hego Euskal Herrian ere gora egin du positiboen kopuruak. Hego Euskal Herrian 9.435 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietan 468k eman zuten positibo –412k herenegun–. Horietako gehienak Bizkaian atzeman zituzten 233; Gipuzkoan, 133; Nafarroan, 72; Araban, 27; eta lurralde horietatik kanpo bizi diren hiru lagunek ere eman zuten positibo. Gaur-gaurkoz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %5,1 da, eta %4,2 Nafarroakoa.
Ospitaleetako egoera hobera ari da egiten, pixkanaka bada ere. Atzo 44 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzaren ospitaleetan. Orotara, 226 lagun –herenegun baino hamazazpi gutxiago– zeuden ospitaleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 130 zeuden ZIUetan –herenegun baino bat gutxiago–.