Aian eta Orion ez dute kasu berririk atzeman azken orduetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 19a, 13:09

Azken datuen arabera, Orioko intzidentzia tasa 212koa da eta Aiakoa 352,64koa.

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Urola Kostan hemezortzi kasu positibo baieztatu dituzte, bezperan baino bost gehiago, baina Aian eta Orion ez dute kasurik atzeman. Orioko intzidentzia tasa 212koa da eta Aiakoa 352,64koa.

Azkoitian zenbatu dituzte kasu gehienak, hamahiru; bestalde, Azpeitian lau lagunek eman dute positibo eta batek Zarautzen. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman azken orduetan.

Azken datuak kontuan hartuta, eremu gorrian jarraitzen du Azkoitiak, eta 592,51ra igo da intzidentzia tasa. Urola Kostako gainontzeko herrietan, ordea, jaitsi egin da edo berdin mantendu da tasa. Azpimarratzekoa da eremu gorritik atera dela Zumaia, atzo positibo bat bera ere zenbatu gabe, 396,87ra egin baitu behera kasu metatuen tasak. Hortaz, bi dira eremu laranjan dauden herriak: Zumaia eta Zarautz. Zarautzen ere, dena den, 321,24ra jaitsi da intzidentzia tasa. Azpeitiak eta Oriok horiz margotuta jarraitzen dute, eta 269,38koa da tasa Urola Erdiko herrian.

Herri txikiei dagokienez, behera egin dute tasek Errezilen (805,15) eta Zestoan (231,12). Berdin mantendu dira, ordea, Aizarnazabalen (260,08), Beizaman (huts) eta Getarian (106,01).

Positibotasun tasa gora
Atzo koronabirusa atzemateko 11.226 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta guztira, 440 lagunek eman zuten positibo: 221ek Bizkaian, 113k Gipuzkoan, 72k Nafarroan, 31k Araban eta hiruk beste lurralde batzuetan. Bezperan baino 120 kasu gehiago izan dira Hego Euskal Herrian, beraz.

Nabarmena da, gainera, positibotasun tasak gora egin duela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo proba egin zutenen %4,1ek eman dute positibo, eta ehunekoa %2,9koa izan zen bezperan. Nafarroan, bestalde, %2,3tik %3,1era igo da positibotasun tasa.

Osakidetzako erietxeetan ere ospitaleratze berri gehiago izan ziren atzokoan: 43 izan ziren astelehenean, eta 48 atzo. Dena den, bezperako datuekin alderatuta, COVID-19ak jotako jende gutxiago dago erietxeetan: 256 ziren astelehenean, eta 246 atzo. Zainketa Intentsiboen Unitateetan bezperan baino bi pertsona gutxiago zeuden atzo, alegia, 131.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide